INFO

Info7 Irratiko bazkideek dohainik izango dute NAIZeko L harpidetza

Info7 Irratiko bazkideek NAIZeko L harpidetza dohainik izango dute aurrerantzean, bi aldeek sinatu berri duten akordioari esker. Hala, NAIZen ordaintzekoak diren bost eduki doan izango dituzte eskuragarri; hau da, giltzatxoa duten bost albisteetara zuzeneko sarbidea izango dute.

Iñaki Soto, GARAko zuzendaria, eta Eider Olazar, Aztibegia Elkarteko lehendakaria, akordioa sinatu zen unean. (NAIZ)

GARAk eta NAIZek harpidetza kanpaina abiatu zuten 2013an eta azaroaz geroztik, NAIZeko web orrialdean eskaintzen diren zenbait eduki ordainpekoak dira (gehienak GARAko albisteak), hau da, soilik harpideek irakurri ahal dituzte.

Oraingoan, baina, NAIZek eta Info7 Irratiak akordioa sinatu berri dute, eta irratiko bazkide direnek ere ordainpeko eduki horietara sarbidea izango dute.

Zein ondorio izango du hitzarmen horrek Info7 Irratiko bazkideentzat? Bazkide bakoitzak NAIZeko L harpidetza izango du, doan, eta horrela, egunero giltzapean dauden bost edukitara sarbidea izango du.

Akordio honen bitartez, Info7 Irratiko bazkideek gure baliabideei egiten dieten ekarpen eskuzabala saritu nahi da. Izan ere, laguntza horri esker Info7 Irratiak etengabeko garapenean aurrera jarraitzen aukera du. Gure komunitateak egiten dituen milaka ekarpenek bermatzen dute Info7 Irratia, GARA edo NAIZ bezalako hedabide independenteak gure egunerokotasunaren parte izaten jarraitzea.

Info7 Irratiko bazkideei eskutitz bana igorri zaie akordioaren berri eman eta NAIZek egiten dien doaneko eskaintza nola eskuratu azaltzeko.

Sinatutako hitzarmena harago doa, ordea; bi aldeek elkarlanerako zubiak are gehiago sustatzea adostu dute, bai eguneroko lanean eta baita izaera estrategikoagoa duten pausoetan ere. Irakurle eta entzuleenganako zerbitzuaren kalitatea areagotzea izango dute helburu. Info7 Irratiko web orrialdea elkarlanean garatuko da eta NAIZeko plataforma partekatuko dute, irratiko uhinetan barneratzeko sarrera zuzena izango delarik.