Norberak nahi duena izateko eskubidea aldarri, Maritxu Kajoin
Egun osoko poteoa, txikiteroen ospakizuna, dotorezia... Horiek gaur Arrasaten ospatuko den Maritxu Kajoiren ezaugarri batzuk. 20.30ean gertatuko den miraria izango da festaren puntu gorena, eta bitartean egitarau oparoa eta, batez ere, giro ederra egongo da adin guztietako lagunen gozagarri. Festazaleek eskapularioa eramango dute lepotik zintzilik, «Neuk be gure dotena izateko eskubidea daukot» leloarekin Gure Esku Dago ekimenarekin bat eginez.
Astebete lehenago hasi ziren arrasatearrak Maritxu Kajoirako motorrak berotzen. Nobenaixue izan zuten ostiralean eta Maritxupera hurbildutako guztiek gazta eta ardoa dastatu ahal izan zituzten doan. Herrigintzan lan egiten duen eragile eta pertsonaren bat omentzeko aprobetxatzen dute aukera beti, eta aurten SUDCren lan isilari aitorpena egin nahi izan diote.
Maritxu Kajoi Komisioko kideek GARAri azaldu diotenez, Arrasateko elkarte gastronomikoen elkartea da SUDC. Ezkutuko lan asko egiten du honek: danborrada antolatzen du sanjoanetan, nagusien bazkaria, hainbat ekintzatan bazkaria eta luntxak prestatzen ditu... Eta jendeak sarri ez du ahalegina ikusten. Joan den ostiralean elkarteko lau kidek jaso zuten inbutua, Juan Luis Arkauze presidentea buru, eta lehen tragoa ateratzeko ohorea izan zuten. «Opari oso ona da eta beti gogoratuko dugu», adierazi zuten.
Zortzi egun geroago, gala jantzia soinean du Arrasatek. Beltza beti da dotorea eta nagusi izaten da maritxuetan. Lepoan eskapularioa eramaten du askok. Mezu edo kritikaren bat zabaltzeko erabiltzen da eskapularioa (iaz, adibidez, moztu egin zuten murrizketak salatzeko). «Neuk be gure dotena izateko eskubidea daukot» aldarrikatuko dute gaur Gure Esku Dago dinamikaren eskuarekin. Baina, komisiokoek dioten bezala, leloa irekiagoa da eta mila izan daitezke interpretazioak. Bakoitzak egin dezala berea.
1977an lehendabiziko Maritxu Kajoi ospatu zenetik majo aldatu dira ohiturak eta jende gutxi ibiltzen da orain txikiteoan. Beraz, egun honek txikiteroen jaia izaten jarraitzen badu ere, txikiteoa baino poteoa egiten da gehiago. Goizean goizetik.
Bazkariak
Eguerdirako tabernak topera egongo dira eta kuadrillek bazkariak egingo dituzte maritxuen aitzakiarekin. Komisiokoek jakinarazi dutenez, garai batean afariak egiten ziren gehiago, baina orain asko bazkaria egitera pasa da. Traje eta soineko dotoreei buruz galdetuta, hori pertsona bakoitzetik bestera asko aldatzen dela erantzun digute. Batzuek urtero aldatzen dute jantzia eta besteek berdina janzten dute urtero. Badira ile-apaindegira joaten direnak eta ilea etxean moldatzen dutenak. Helburua jendea dotore ateratzea da, bakoitzak duen dotore kontzeptuarekin.
Egitarauari dagokionez, 17.30ean Irrien Lagunekin umeentzako «Irri Herri Anitz» ikuskizuna egongo da Seber Altuben, eta 18.00etatik aurrera gaztetxoentzako «Niri bost lehiaketa» egingo da, galdera-erantzun labur eta proba txapelketa, Gaztegunetik abiatuta. Kiliki eta erraldoi txiki eta ertainek giroa alaituko dute kalez kale, Oria txaranga beteranoak bezala, eta dantza eta kanta gertatuko da, ohartu gabe, 20.30ean, miraria. Lore eskaintza egingo diote Maritxuri, urteko txikitoak eskertzeko eta krisiak txikiteoa ez zapuzteko eta datorren urtean denak egoteko eskatzeko.
Maritxu Kajoi Komisiokoek argazkiak berreskuratu nahi dituzte beren artxiborako eta irudiak bidaltzen dituen jendearen artean sari bat zozketatuko dute. Informazio guztia, Maritxukajoi.org webgunean.