INFO

Wolf Alice eta HATEM taldeak ere izango dira BBK Live jaialdian

Kobetamendin ospatzen den jaialdi ezagunak aurtengo edizioan parte hartuko duten bi izen gehiagoren berri eman du: Wolf Alice eta Hola A Todo El Mundo (HATEM) taldeak.

Wolf Alice taldea ere izango da Kobetamendin. (Paul HUDSON/WIKIPEDIA)

Ohar bidez, Bilbao BBK Live jaialdiko antolatzaileek jakinarazi dute Wolf Alice talde britainiarra eta HATEM madrildarra Kobetamendin izango direla aurten.

Azaldu dutenez, Wolf Alice taldeak sareen bitartez eman zuen ezagutzera bere burua eta urtebete eskas pasa ondoren beren herrialdean ez ezik nazioartean jarraitzaile gehien duen taldeetako bat da.

Iragan ekainean editatutako lehen diskoa Europa osoan barrena aurkezten dihardute egun, ‘My love is cool’. Harrezkero, Wolf Alice taldeak 2015eko Talde Berriaren saria jaso du UK Festival sarietan; halaber, Mercury Prize sarietako azken edizioan Urteko Diskoa mailan izendatua izan da, baita Grammy sarietan ere (Rock Zuzeneko Onena mailan).

Bestalde, Hola A Todo El Mundo taldeak 2008an egin zuen debuta, demoa argitaratuta, eta hari esker ‘Mondo Sonoro’ aldizkariaren maila gorenera iritsi ziren, urteko talde nabarmen gisa.

Bi urte geroako kaleratu zuten madrildarrek lehen diskoa, Musika Independientearen Sarietan Urteko Pop Disko Onena izendatu zuten eta geroztik eszenatoki handietan emanaldi andana eskaini dute. Orain, eszena independentean izen ezin hobea daukatenean, shoegaze, rock eta psikodelia estiloak berreskuratu dituzte, hasierako izaerari eutsiz, kaleratzen duten hirugarren diskoarekin.

Hirugarren hau, Luke Smith (Foals, Depeche Mode, Crystal Fighters) ekoizlearen lana, Kobetamendin aurkeztuko dute.