INFO

Gutun Zuria jaialdiaren IX. edizioak krimena eta delitua izango ditu aztergai

Apirilaren 19tik 24ra ospatuko da Gutun Zuria Letren Nazioarteko jaialdiaren IX. edizioa, Bilboko Azkuna Zentroan. Gonbidatutako idazleek beren narrazioetan krimena eta delitua nola aztertzen duten azalduko dute.

Gutun Zuriaren aurkezpena, Bilbon. (NAIZ)

Sergio Gonzalez mexikarra, Dacia Maraini italiarra, Ernesto Mallo argentinarra, Ricardo Menendez Salmon eta Rodrigo Rey Rosa guatemalarra dira Gutun Zuria jaialdiaren IX. edizioan parte hartuko duten idazleetako batzuk.

Azkuna Zentroan ospatuko da Bilboko Letren Nazioarteko jaialdi hau, apirilaren 19tik 24ra, eta aurten krimena eta delitua izango ditu aztergai, idazle garaikideen ordezkari nagusiekin. Hala, idazleek beren narrazioetan gai horiek nola jorratzen dituzten azalduko dute, literatura aldetik erronka horri nola aurre egiten dioten.

Jon Alonsok, Garbiñe Ubedak eta Jon Arretxek gaia euskarazko literaturan nola agertzen den erakutsiko dute.

Elkarrizketa tradizionalez gain, Azkuna Zentroak beste hainbat jarduera antolatu ditu gai horren inguruan: zinema ziklo bat, Ruper Ordorikaren errezitaldi kontzertua eta ‘Stockholmeko Sindromearen’ zuzeneko talk show-a.

Bestalde, gatazka-guneetako korrespontsalen mahai-inguru bat egingo da, Ramon Lobo, Masood Khalili, Angela Rodicio eta Enric Gonzalezekin.

Horretaz gain, Azkuna Zentroko atarian ‘Milorria’ instalazioa jarriko dute, La Casa del Vacio-k diseinatuta; 12.000 liburutatik ateratako orrien artean ibilbide alternatiboa proposatzen du.