Oinatz Bengoetxea finalerako sailkatu da abiadura eta emozio biziko lehia irabazita
Leitzakoak bere ibilbideko bigarren finala jokatuko du kaiolan txapeldunari tanto bakarraz gailendu ostean (22-21).
Iazko finalerdia ona izan bazen, aurtengoak hobetu egin du. Iaz pilotazaleak gustura irten baziren Labritetik, aurten izan da, txapelik ez eta txamarra ere kantxara bota duenik. Erritmoa, sekulakoa, emozioa, azken pilotakadaraino, eta bi garaile izan ditu mukuru bete den Labrit batean jokatutako partidak, nahiz eta finala Oinatz Bengoetxeak bakarrik jokatu ahal izango duen.
Esan daiteke, azken pilotakada baina ez dela sobran izan, bi paretakoa botatzerakoan pilota eskuan kateatu eta zabalera ihes egin baitio txapelak Mikel Urrutikoetxeari. Ordura arte bete betetko partida jokatu dute bi aurrelariek. Izan dira hutsak, bi aldetatik, baina jokatutako erritmoan egon izan ez balira, pilotariak beharrean estralurtarrak zirela esango genukeen.
Eta hori Ointaz Bengoetxeak hasiera makala eman diola partidari, ez da eta Urrutikoetxearen hiru sakeak eusteko gai izan. Baina berehala eman dio buelta egoerari. Jokatzeko amorruz irten da leitzarra, pilota biziak ziren jokoan jarritakoak eta berari ere abiaduraz irten zaio pilota eskutik.
Piloteoan gehiago izan da eta aurkaria txokoan preso hartuz, 12-8 eta baita 13-9 aurreratu da, Urrutikoetxea beteta zegoela irudikatu arazteraino. Baina txapeldunari irabazteko 23 tanto egin behar direla esaten dute askok eta halaxe izan da 13-13.
Berriz ere ihes egin du nafarrak 19-15, baina orduan ere ezin izan du partida itxi eta sufritzea, asko sufritzea egokitu zaio. Sakez falta bat eginda bizia eman dio Zaratamokoari eta 21-18ko aldea ere ez da nahikoa izan.
Partida azken muturreraino luzatu du txapeldunak eta orduantxe egin du ahaztea asko kostako zaion partida. Zaleek ere ez dute berehalakoan ahaztuko ikusitakoa.