Pirritx, Porrotx eta Marimotots Anaitasunan izango dira abenduaren 22an
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek heldu den abenduaren 22an Iruñeko Anaitasunan izango direla iragarri dute sare sozialen bidez. «Zentsura putzura!» mezua hedatu, kiroldegia bete eta etxetik «eskuargia, kopetargia edo ipurtargia» eramateko deia egin dute. «Iruñea iluna argituko dugu».
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek argi adierazi zuten atzoko agerraldian urtea bukatu baino lehen Iruñean ikuskizuna eskainiko zutela, eta agindutakoa bete dute. Twitterren eskegi duten bideo baten bidez iragarri dute heldu den abenduaren 22an Iruñeko Anaitasunan izango direla, arratsaldeko 17.00etan. «Zentsura putzura!»
ZENTSURA PUTZURA!
— Pirritx Porrotx eta Marimotots (@KatxiporretaEus) November 29, 2019
Zaila da baina ez gaindiezina!
Iruñean izango gara:
Irtenbidea maitasuna da.
Irtenbidea alaitasuna da.
Irtenbidea ahizpasuna da.
Irtenbidea anaitasuna da...
Abenduak, 22, 17:00etan,
ANAITASUNA beteko dugu!
Zatoz "BIZIDANTZA"ra
eta Aupa Euskal Irria!
💛🧡💚 pic.twitter.com/iDsjyj7Tz2
Baluarten eskaini behar zuten ikuskizuna pailazoek, baina Enrique Maya alkateak bertan behera utzi zuen, kontratuan akatsak zeuden aitzakiarekin, eta Nafarroako Kontseiluak kontratua balekoa zela berretsi arren, Navarra Sumako agintariak adostutakoa ez betetzea erabaki zuen.
Atzo gauerdira arte itxaron zuten Pirritx, Porrotx eta Marimotosek, egoera konpon zitekeen itxaropenarekin, baina Mayak bere jarrerari eutsi dionez, beste irtenbide bat topatu dute eta abenduaren 22an Anaitasunan izango dira, arratsaldeko 17.00etan.
«Irtenbidea maitasuna da, alaitasuna, ahizpatasuna. Edo, Anaitasuna?», diote Twitterren eskegi duten bideo laburrean.
Anaitasuna bete eta etxetik «eskuargia, kopetargia edo ipurtargia» eramateko deia egin dute. «Iruñea iluna argituko dugu».