INFO

Salbuespenezko politikaren ertz guztiak bertan behera gera daitezen eskatu du Errenteriak

Gaixo dauden presoak etxeratzea, kondenaren 3/4ak bete dituztenei baldintzapeko askatasuna ematea eta gradu progresioa gauzatzea, besteak beste, izan dira Errenterian zabaldu diren aldarriak. Mikel Arrieta preso errenteriarrak aipatu hiru baldintzak betetzen ditu, baina espetxean jarraitzen du.

Aterki zuriak ireki eta presoen aldeko mosaikoa egin dute Errenterian manifestazioa bukatzean. (Maialen ANDRES | FOKU)

Beste urte batez mobilizatzeari zentzua topatzen ez dioten arren, denak batu dira oraindik ere mobilizatzeko dagoen beharrari erantzuteko Errenterian, Euskal Herriko gainontzeko 190 plazetan Sareren deialdiari erantzunez egin bezala. 17.00etan abiatu da jende-saldoa Herriko Plazatik, elizaren aldamenetik maldan behera, euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurrien amaiera eskatzeko.

Manifestazio isila eta laburra izan da, 15 minutu eskasean eman diote herritarrek buelta parte zaharrari, Lehendakari Agirre plazan bukatzeko. Hiru ilaratan eta denak maskararekin, pandemia aurreko Bilboko mobilizazioaren antzik ezin lortu herrian. Garrantzitsuena lortu da, ordea: manifestazioan parte hartu duten 400 pertsona inguruk (NAIZen kontaketaren arabera) beraien txokotik euskal presoen giza eskubideak errespeta daitezen eskatu dute.

Mosaiko erraldoia egin dute mobilizaziora batu diren hainbat herritarrek martxaren amaieran. Mikrofonotik «bat, bi, hiru» esan eta denek bat ireki dituzte aterkiak, estalpe zuri bat osatuz. Ondoan, manifestazioa gidatu duen pankarta, aurtengo lemarekin: ‘Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean’.

Lehendakari Agirre plazako talaiatik egin dute herriko Sare plataformako ordezkariek azken irakurketa. «Ez da urte erraza izan, baina espetxe politikari dagokionez, urte luzez espero genuen aldaketaren lehen zantzuak ikusten hasteko aukera izan dugu», agertu dute bozeramaileek, gogora ekarriz lorpenak herritarrek bultzatutako mobilizazioen emaitza direla. 2022an ere bide berean urratsak emateko garrantzia azpimarratu dute, «aldaketa horiek espetxe politika berri bat izateko».

Larriki gaixo dauden presoak

Errenteriako plaza berezi egiten du herritar batek, berak gorpuzten baitu euskal presoek jasaten duten salbuespenezko neurrien adierazpen gordinenetako bat: larriki gaixo dago Mikel Arrieta Llopis. Espondiloartropatia kroniko seronegatiboa HLA B27 diagnostikatu zioten 2017an, Algecirasko espetxean zela; gaixotasun kroniko, degeneratibo eta sendaezina.

Pasa den udaz geroztik Euskal Herrian ari da betetzen kondena Arrieta. Martuteneko kartzelatik, bertako osasun asistentzia eskasetik, ari zatzaio aurre egiten gaixotasun larriari. 21 urte daramatza preso eta zigorraren 3/4ak beteta ditu. Hirugarren gradurako progresioa, ordea, ez du lortu. Martuteneko zuzendaritzaren baiezkoa Espainiako Auzitegi Nazionalak lurperatu zuen berriki.

Zentzu honetan, Errenteriako Sarek gogora ekarri du badirela oraindik konpondu gabeko auziak. Larriki gaixo dauden 19 presoei beraien osasunerako eskubidea urratzen ari zaie. «Hirugarren gradua eskuratzeko edota irteera baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko blokeo sistemiko baten aurrean aurkitzen gara», salatu dute.

«Salbuespen legeriak erpin asko ditu eta benetako aldaketa batek guztiei eman behar die aterabidea», aldarrikatu dute. Horregatik, eta elkarbizitza beste modu batera «ezinezkoa» delako, salbuespenezko espetxe politikaren «ertz guztiak» bertan bera gera daitezen eskatu dute larunbat honetan Errenterian.

Mobilizazioen emaitza: Gogorza

Errenterian bada, ordea, bestelako aurrekari bat. Zortzi urtez gertakari mediko larriak pairatu ondotik (27 aldiz ospitaleratu zuten bost urtean), Aitzol Gogorza preso errenteriarra etxera mugitu zuten 2019an, kondena bertan bukatzeko. Obsesio Konpultsio Desoreka eta honi lotutako Desoreka Depresiboa diagnostikatu zioten Gogorzari.

Mobilizazio ugariren ondotik etorri zen Basauriko espetxeko Tratamendu Batzordearen espetxealdi arindua aplikatzeko proposamena, zeina, azkenean, Fiskaltzak eta Espetxe Zaintzako epaileak onartu zuten. Aurrekari honek janzten du zentzuz Errenteriaren mobilizatzeko beharra.