INFO

Herri Txikien Akademiak ateak zabaldu ditu, Eusko Ikaskuntzaren ekimenez

Irailean esperientzia pilotua Arabako hiru herritan egin ostean, Euskal Herriko udalerrietara ireki da Eusko Ikaskuntzak aurrera eraman duen Herri Txikien Akademia. Tokiko eragileekin mintzatuz eta sareak sortuz, elkarlana sustatu eta herri txikien etorkizun jasangarria bermatzea du xede.

Ostegun honetan aurkeztu dute Herri Txikien Akademia Laudion. (EUSKO IKASKUNTZA)

Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktorian izan da ostegun honetan Herri Txikien Akademiaren aurkezpena, Eusko Ikaskuntzaren ekimenez.

Ohar batean azaldu duenez, Herri Txikien Akademia «udalerri txikiek bere geroa jorratzeko abian jartzen dituzten egitasmoen inguruan esperientziak trukatu eta egitasmo berriei forma ematen laguntzeko gune gisa aurkeztu da. Gogoeta eta ezagutza transferentziarekin batera, interes komuneko udalerriak elkarrekin egitasmo berriak lantzen jartzeko gune bat, besteek baliatutako tresnak ezagutu eta eskuratzeko espazio bat da», gaineratu du.

«Herri txikien kezka eta beharrak asetzea helburu hartuta, soluzio komunak garatu eta topatzeko elkargunea izango da. Azken buru udalerri osasuntsuagoak, iraunkorragoak eta komunalagoak izan daitezen. Beraz, aholkularitza eta trukerako metodologiak garatzea, saretze eraginkorra lortzea eta horren bitartez euren indarguneak identifikatu eta garatzeko aukera emango du Akademiak», gaineratu du Eusko Ikaskuntzak.

Dagoeneko Akademiak ateak zabalik ditu landa-ingurunean bizi diren herritar ekintzaile eta aktibistentzat; korporazio, elkarte eta mugimenduentzat -landa-garapenekoak, koadrilak edo kontzejuentzat eta abar-; eta, oro har, interesa duen ororentzat.

Akademiaren saio pilotua

Saioan Arabako Foru Aldundiarekin eta Vital Fundazioarekin batera Araban irailean egin diren hiru saio pilotuen berri eman da eta horietan guztietan jasotako ondorio nagusiak laburki azaldu dituzte. Kuartango, Zalduondo eta Bernedon izan dira eta ondorengo gaiak jorratu dira: ekintzailetza eta enplegua landa eremuan; belaunaldi arteko dinamikak eta bizitza komunitarioa; eta etxebizitza landa eremuan eta egitasmoak finkatzeko espazioak.

Ardatz horien inguruan jasotako gogoetak eta ekarpenak txosten batean biltzen dihardu Eusko Ikaskuntzak eta 2022ko urte amaieran aurkeztuko du.