Realak galdu egin du Levanteren aurka partida deseroso batean (3-4)
Natalia Arroyoren taldeak 3-4 galdu du, eta ez du ohikoa duen jokoa egiterik lortu. Urteko azken partida jokatu dute, eta sailkapenean seigarren postuan daude. Levantek izan dituen aukerak ederki probestu ditu Reala mendean hartzeko.
Nahi eta ezin. Hori gertatu zaio gaur Realari. Neurketa grisa jokatu dute Natalia Arroyoren jokalariek, eta ez dute ohikoa duten jokoa egiterik lortu. Esku hutsik joan dira Reale Arenatik urteko azken partidan, eta sailkapenean seigarren postuan daude.
Lehiari ezin hobe ekin dio Realak. Hasi eta berehala egin du lehenengoa Jensenek. Mendez Levanteko atzelariari baloia ostu dio Nerea Eizagirrek, ezkerreko hegaletik area barruraino sartu da, eta ohikoa duen patxadarekin, itxaron egin du taldekide egokiena noiz iritsiko zain. Hala, Norvegiarrari pasa dio baloia, eta horrek sarera jaurti du baloia.
Natalia Arroyoren taldeari ez dio askorik iraun aldeak, ordea. Valentziako taldeak azkar erreakzionatzea lortu du. Txuri-urdinek baloia zelai erdian galdu dute, eta trantsizio azkar batean egin du berdinketaren gola Alba Redondo ligako goleatzaile nagusiak —hamabi gol daramatza sasoi honetan—. Area barruan jaso du baloia Levanteko aurrelariak, eta ez du hutsik egin Leteren aurrean. Zumarragako atezainak ezin izan du ezer egin jaurtiketa gelditzeko.
Hortik aurrera, Levantek pauso bat aurrera egin du, eta etxekoen zelaiean estutu. Hala, 23. minutuan, Valentziako taldeak baloia ondo mugitu du alde batetik bestera, eta Redondok gertu izan du bigarrena, baina Letek gelditu du jaurtiketa. Realak ere eduki du bere aukera. 30.minutuan Nereak baloia hartu du zelai erditik aurrera, gidatu eta Amaiurri pasa dio. Donostiarra atezainaren aurrean bakarrik geratu da, baina epaileak jokoz kanpo adierazi du.
Reala erasora gerturatzen hasi denean, orduan jaso du aurkariaren bigarren kolpea. Levanteren zelaian zeudela, txuri-urdinek baloia galdu, eta Ramirez Levanteko jokalari aurreratuenari iritsi zaio baloia. Atzean zuen Vanegas, baina txartel horia zuenez, ez du askorik arriskatu nahi izan. Orduan, Ramirezek iskin egin dio, eta Leteren aurrera iritsi denean, iskin egin eta sarera jaurti du baloia, 1-2.
Natalia Arroyoren jokalariek kostata lortzen zuten haien zelaitik ateratzea, eta ohikoa duten joko konbinatua egitea. Gauzak horrela, aurrean hutsuneak zeudenean egin du min gehien. Gisa horretara iritsi da Amaiurren aukera 38. minutuan. Donostiarrak buruz burukoa izan du atezainaren aurka, baina erregatea gaizki atera zaio.
Bigarren zatian, oreka hautsi da
Bigarren zatian partidaren oreka hautsi da, eta bi taldeek gehiago hurbildu dira aurkarien areara. Natalia Arroyok, ikusita Realak ez zuela lortzen aurrera egitea baloiarekin, jokatzeko sistema aldatu du, eta erdian erromboan ezarri du. Nerea Eizagirre erdi-puntan kokatu du, eta Amaiur eta Jensen jarri ditu tolosarraren aurretik.
Era horretara iritsi dira Realaren aukera garbienak. Amaiurrek eta Eizagirrek izan dituzte bana aukera, baina gutxigatik joan zaie biei jaurtiketa kanpora. Levante ere ez da atzean geratu, eta 60.minutuan eduki du Ramirezek hirugarrena egiteko abagunea. Aurrelaria area barruraino sartu da baloia gidatuz, baina Letek gelditu dio jaurtiketa.
Falta baten bitartez lortu dute txuri-urdinek neurketa berdintzea. Gabyk errematatu du erdiraketa. Pozak, ordea, gutxi iraun dio Realari. Segidan, kontraeraso baten bitartez aurretik jarri baita berriro ere Levante. Natalia Pintok egin du Valentziako taldearen hirugarren gola.
Aurrerantzean, Reala saiatu bere jokoa egiten, eta gol aukerak sortzen. Saria, ordea, Levantek jaso du 88. minutuan. Zorte txarra izan du Realak golean, Ane Etxezarretari erori baitzaio Redondok jaurtitutako baloia, eta beasaindarrak berak alboratu du baloia lehenik zutoinera, eta bertatik, sareetara, 2-4.
Neurketako hondarrean Mirari Uriak sartu du Realaren hirugarrena, Franssiren erdiraketa errematatu ostean. Horren ondotik, baina, berehala adierazi du epaileak partidaren amaiera.