Berrogeita hamar pertsonatik gora hil dira AEBetan Elliot ekaitzaren ondorioz
50 pertsona baino gehiago hil dira azken egunetan AEBetan izan den elur ekaitzaren ondorioz. Gehienak, autoetan harrapatuta edo auto istripuak izan ostean. Larunbatean, New Yorken 150 urtetan erregistratutako tenperatura maximorik baxuena izan zen. Ez dago argindarrik 300.000 etxe baino gehiagotan.
Elliot ekaitzaren ondorioz, 315.000 etxe eta negozio baino gehiagok elektrizitate mozketak jasan zituzten Ameriketako Estatu Batuetako leku desberdinetan Eguberri bezperan. Elurte handiak eta tenperatura oso baxuak eragin ditu, eta baldintza horiengatik gutxienez 50 pertsona hil dira jada (27 soilik New Yorkeko estatuan).
Ekaitzak gogor jo du goi-mendebaldeko erdialdean eta ipar-ekialdeko barnealdean, elurte eta haizete izugarriekin. Ekaitzaren irismena ia aurrekaririk gabekoa izan da, Kanadatik gertu dauden Aintzira Handietatik Mexikoko mugan dagoen Rio Grande ibairaino hedatu baita.
Estatu Batuetan gutxienez 200 milioi pertsonak, biztanleriaren %60k, neguko abisu edo ohartarazpen meteorologikoren bat jaso zuten, eta tenperaturak normalean baino gehiago jaitsi ziren Mendi Harritsuen ekialdetik Appalacheetarainoko eremuan, NWS Meteorologia Zerbitzu Nazionalaren arabera.
«Hasiera hotza Eguberri goizerako. Aurreikuspenen arabera, haizearekin batera, mugimendu azkarreko ekaitz bat hegoalderantz murgilduko da, elurra eta neguko giroa ekarriz», adierazi zuen NWSk; eta gehitu zuen: «Ekaitz indartsu bat Estatu Batuetako mendebaldera hurbilduko da aste honetan bertan».
Estatu Batuetako hedabideek zabaldutakoaren arabera, hildakoetako asko ibilgailuetan harrapatuta hil ziren elur-ekaitzean edo errepideetan izandako istripuetan. Etxeetan ere gorpuak aurkitu dituzte, muturreko hotza dela eta.
«Bonba ziklonikoa»
Egun horietan ohikoa den fronte artikoa «bonba zikloniko» bihurtu zen ostiralean, eta ehunka estatubatuarri eragin zien Gabon bezperan.
Presio atmosferikoa ekaitz gogor batean azkar erortzen denean sortzen da fenomenoa. Ekaitzak indar osoz jo zuen Bufalo, urakan itxurako haizeekin eta elurrarekin, eta ekaitz zuri batek larrialdiko erantzuna geldiarazi zuen.
New Yorkeko gobernadoreak, Kathy Hochulek, baieztatu zuen hiriko suhiltzaileen kamioi gehienak hondoa jota zeudela eta aireportua itxi zutela astelehenera arte. Guztira, 2.360 hegaldi nazional eta internazional baino gehiago bertan behera geratu ziren larunbatean, FlightAware jarraipen gunearen arabera.
Floridan, zeropetik
New Yorken 10,5 gradu zero azpitik erregistratu ziren, 150 urtetan tenperaturarik baxuena. Washingtonen, hiriburu estatubatuarrean, 10 gradu zero azpitik markatu zuten termometroek, 1983tik Gabonik hotzenean. Era berean, Tampan, Floridan, 0 graduen mugatik behera egin zuen tenperaturak 1966tik gertatzen ez zena.
Hotzaren eta argindar mozketen ondorioz, Bufaloko biztanleek, larunbatean, berogailua zuen edozein leku bilatu zuten. «Babesleku bat dago, baina urrunegi dago niretzat. Ezin dut gidatu, jakina, harrapatuta nagoelako», esan zuen Jeremy Manahanek. Bere telefonoaren bateria aparkatutako ibilgailuan kargatu behar izan zuen, ia 29 ordu argindarrik gabe igaro ondoren. «Ezin zara 10 minutu baino gehiago kanpoan egon izoztu gabe», azaldu zuen.
Herrialdearen ekialdeko erdialdeko 13 estatu ingurutan, elektrizitate enpresek energia aurrezteko eta termostatoak ohi baino gehiago jaisteko eskatu zieten bezeroei, kontsumoaren hazkundeak hornidura arriskuan jartzen zuelako.
Halaber, ekaitzak argindar gabe utzi zituen Mainetik Seattlera bitarteko komunitateak, eta sare elektrikoaren operadore nagusietako batek AEBetako ekialdeko 65 milioi pertsona ohartarazi zituen itzalaldi posibleez.
Ingalaterra Berriko sei estatuetan, 273.000 bezerok argindarrik gabe jarraitzen zuten, eta Maine izan zen kaltetuena. Zenbait konpainia elektrikok aurreratu zutenez, egun batzuk igaro daitezke elektrizitatea berreskuratu arte.
Mexikon, Estatu Batuetako mugan kanpatzen ari diren migratzaileek tenperatura baxuei aurre egin behar diete, AEBetako Auzitegi Gorenak 42. tituluari buruz hartutako erabakiaren zain zeuden bitartean.
Aurreikuspenen arabera, ekaitza pixkanaka ahulduko da Kanadako hego-ekialderantz egin ahala, eta poliki-poliki mugituko da hurrengo egunetan.