INFO

‘Bizkaian bagara’ programarekin euskaraz berba egitera bultzatuko dituzte 10.000 lagun

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak ‘Bizkaian bagara. Berbak zubi’ programa jarri dute martxan. Datozen hiru urteetan eskualde, herri eta jatorri ezberdinetako 10.000 bizkaitar aktibatzea da asmoa, euskara egunerokoan erabili dezaten. Baliabideak emango dituzte horretarako.

‘Bizkaian bagara’ programa aurkeztu dute astearte honetan, Bilbon. Jasone Mendizabal Taupako koordinatzailea eta Leixuri Arrizabalaga Euskara diputatua ageri dira erdian. (Endika PORTILLO | FOKU)

‘Bizkaian bagara. Berbak zubi’ programa «euskararen erabileran eta aktibazioan eragiteko pauso berri» gisa aurkeztu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Taupa euskaltzaleen mugimenduak Bilbon egindako ekitaldian. Lurralde osoan suspertu nahi dute euskararen presentzia, errealitate linguistiko eta publiko ezberdinetara egokituz. 10.000 bizkaitarrekin lan egitea aurreikusten dute.

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak azaldu duenez, «zeharkako ekimena da, sail guztietan eta eguneroko lanean kontuan» hartuko dutena.

Jasone Mendizabal Taupako koordinatzaileak azpimarratu du «euskararen aldeko komunitate aktiboak» indartu nahi dituztela, «hizkuntza ohituretan eragin eta euskaraz bizitzeko aukerak zabaldu».

Saretzea eta aniztasuna

Hiru lan ildo estrategikotan banatuko da ‘Bizkaian Bagara’. Hirurak aldi berean landuko dira, sei proiekturen bitartez. Saretzea eta aktibazioa da lehen lerroa. Tokiko euskaltzaleekin prozesu parte-hartzaileak antolatzeaz gain, euskaltzalez osatutako mugimendu zabal bat osatzeko aktibazio eta ahalduntze aukerak eskainiko ditute, taupamugimendua.eus plataformaren bidez.

Aniztasunaren kudeaketa da bigarren ardatza. «Euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskarara gerturatzea» da xedea. Horretarako, ‘Auzoko Elkarrizketak’ euskararen inguruko sentsibilizazio eta aktibaziorako espazio parte-hartzailea eskainiko dute.

Hiru urtean, bederatzi Auzoko Elkarrizketa antolatuko dira hainbat eskualdetan.

Familiak eta gazteak

Begiz jotako bi talde izango ditu protagonista hirugarren lan ildoak: familiak eta gazteak.

Elkarrizketa Musikatuak antolatuko dira gazteentzat. Horietan, kulturgile erreferenteek euren hizkuntza bizipenak partekatuko dituzte eta musika aitzakia hartuta, gazteen euskararekiko lotura indartu eta sentsibilizazioan eragiten ahaleginduko dira.

Bestalde, ‘Euskararen Kriseilua’-k familia transmisioa landuko du:  eremu intimoan, euskararen erabileraren inguruko gogoeta sustatuz, sendiak euskara gehiago erabiltzeko konpromiso zehatzak hartzera gonbidatuko ditu.

Hiru urteko epean, Euskararen Kriseiluak bederatzi herri bisitatuko ditu, hizkuntza ohiturak lantzeko eta familien aktibazioa sustatzeko helburuarekin.

Elkarrizketa Musikatuak eta Euskararen Kriseilua, Tauparen egitasmo sendoak eta ibilbide luzekoak dira.

30 herri eta hamabi eskualde

‘Bizkaia Bagara’-k hamabi eskualdetan eragingo du, eta 30 herri edota hiritan. Bere baitan 49 esku-hartze zuzen dinamizatuko dira.

Jakinarazi dutenez, astearte honetatik aurrera jarriko da martxan egitasmoa. Bizkaiko tokiko erakundeetako teknikariak, ordezkariak eta hainbat eragile mintegi batera gonbidatuko dituzte programaren inguruko zehaztasunak partekatzeko eta urratsak definitzeko.