Leioako campusean EHUP! jaia ospatuko dute maiatzaren 9an
Duela zenbait urte galdu zen EHU/UPVn ikasle jaialdia egiteko ohitura, eta aurtengoan ikasle talde batek berriro ere antolatzeko iniziatiba hartu du, «unibertsitate pertenentzia areagotzeko asmoz».
Euskal Herriko Unibertsitatean ikasleen jaia ospatuko da maiatzaren 9an, Leioako campusean. Ikasle talde batek ekin zion asmoari, eta errektoretza taldearen babesa jaso ostean, «unibertsitate pertenentzia areagotzeko asmoz» jaialdia antolatu dute.
Astearte honetan egin dute Campuseko Oteiza plazan agerraldia talde sustatzaileko hainbat kidek, eta «pozik eta harro» daudela adierazi dute, jaia berreskuratu dutelako eta ekimenarekin aurrera egiteko izan duten aukeragatik. EHU/UPVko errektoretza ere eskertu dute.
Argi utzi dute jaiaren helburua «EHUko kide izateko harrotasuna aldarrikatzea, eta pertenentzia sentimendua aregotzeko balio izatea» dela. Halaxe adierazi dute Eder Osuna eta Ane Belio taldeko kideek: «Harro gaude EHUko ikasle garelako eta uste dugu maiatzaren 9an egingo dugun jakiak balio dezakeela Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle harrotasuna erakusteko».
Campus guztietako ikasleak biltzea dute helburuetan, eta horretarako, autobus zerbitzuak antolatu dituzte Gasteiz zein Donostiatik, eta bost euroko kostua izango dute bidaia horiek.
Egitarau zabala
Biofisika landak eta Mikel Laboa plazak hartuko dituzte maiatzaren 9ko ekimen gehienak. Irekiera ofiziala 12:30ean izango da, Mikel Laboan. «Gurean izango dira Onintza Enbeita, Mikel Goiriena eta Jone Larrinaga bertsolariak eta jarraian kalejira egingo dugu Hezkuntza Fakultateraino Wesyke txarangarekin», azaldu dute ikasleek.
Biofisikako landan bingo musikatua egingo dute 13:30ean eta EHUko orkestrak ere joko du Mikel Laboa plazan, 17:30ean.
Gainerakoan, Euskoprincess, Zilibito Records, LBDJ, Kene, Txolas eta Domin dj-ak eta denetariko musikazaleentzat Bizkaiko Tuna Distritok 15:15ean ekingo dio bere kalejirari Hezkuntza Fakultatetik abiatuta. Iluntzean, eta jaia amaitu bitartean, Olgetan erromeria egongo da Biofisika landan, eta DJ Txolas, berriz, Mikel Laboan.
Jaira hurbiltzeko asmoa duten guztiei «ondo pasatzeko» deia egin diete. «Gure asmoa da ikasle jaia urtero egitea eta horretarako ezinbestekoa izango da dena ondo ateratzea eta EHUko ikasleok ondo pasatzen badakigula erakustea eta merezi dugula era horretako jai bat», esan dute ikasleek. EHUP! Jaia Leioako campusean hasiko da, baina asmoa da hurrengo edizioa beste campus batean egitea.