Errenteriako familiaren etxegabetzea atzeratuko dute, Udalaren bitartekaritzari esker
Errenterian bikote bat eta haien semea etxegabetu behar zuten astelehenean, izenekin izandako errakuntza baten ondorioz. Stop Deshaucios Gipuzkoa plataformak jakitera eman duenez, hiru hilabetez atzeratu dute.
Stop Deshaucios Gipuzkoak asteon jakitera eman zuen Errenteriako familia bat etxegabetze arriskuan zela izenekin izandako errakuntza baten ondorioz. Bikote bat eta haien 10 urteko semea dira alokairuan bizi diren etxetik kanporatu nahi dituztenak.
Plataformak azaldu zuenez, emakumea bere izen-abizen berdinak dituen beste pertsona batekin konfunditu du Donostiako epaile batek eta, ondorioz, erabaki du familia hori ez dagoela zaurgarritasun egoeran. Izan ere, beste pertsona horrek hainbat etxebizitza dauzka bere izenean.
Errenteriako Udalaren bitartekaritzaren bidez atzeratu dute etxegabetzea, Stop Deshaucios Gipuzkoak ohar baten bidez adierazi duenez, eta Caixabank-Building Center demandatzaileak astelehen honetan epaitegiak desahuzioa hiru hilabetez bertan behera uztea lortu du, urriaren 15era arte.
Bestalde, epaileak epaia eta etxegabetzea berresten dituen auto bat eman du uztailaren 10ean. Izan ere, uste dufamilia horrek asteartean, hilak 8, Konstituzio Auzitegian babes-errekurtsoa jartzeak ez duela epaia eteten, demandatzaileak etxebizitza berreskuratzeko duen eskubidea bere horretan mantentzen baita, nahiz eta familia zaurgarria izan.
Stop Deshaucios Gipuzkoak balioetsi egin du hiru hilabeteko etete horrek «atsedena» emango diola familiari, oporraldiaren ondoren «bide juridikoarekin jarraitu eta Caixabank errentatzailearekin elkarrizkei berriz heltzeko». Plataformak nabarmendu du familiak zaurgarritasun egoera egiaztatua duela eta Errenteria udalerri tentsionatua dela, duen bizitegi-larrialdiko egoera dela eta.