INFO

Erroldaren garrantzia azpimarratu du OEEk Martxa Horian

Errefuxiatuek «giza eskubideen urraketa sistematikoa» pairatzen dutela salatu dute Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) plataformak deituriko Martxa Horian. Honekin batera, udalek errolda egokiak egiteko kanpaina abiatuko dute, oinarrizko zerbitzuetarako atea delako.

Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) plataformaren Marea Horia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Gorlizko hondartzatik eguerdian abiatu den Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) deituriko Martxa Horiak «giza eskubideen urraketa sistematikoa» salatu du gaur. Martxa Arkoteko arrapalan amaitu da hildako errefuxiatuak gogoratzeko ekitaldi batekin.

«Munduan areagotzen ari diren politika belizistak eta berrarmataileak salatzen ditugu, bereziko AEBetan eta Europako zenbait herrialdetan ultraeskuina boterera iritsi ondoren. Politika belizita horiek aldaketa sakonagoen adierazle dira, eta horren sintoma, II. Mundi Gerraren amaieratik ezarritak adostasunak hausten ari direla nazioarte agertokian», nabarmendu du OEEk.

Gauzak horrela, Nazio Batuen Gutunaren gutxiespenaren normalizazioa eta urrekatea sistematiko dela gaineratu du, Gazan jazotzen ari den genozidioa horren abididetzat jarriz eta nazioarteko komunitatearen –eta bereziki Europar Batasunaren– «axolagabekeriaz edota konplizitateaz».

Honekin batera, Europan migrazio-arloko politikek prozesuaren benetako arrazoiak ez dituztela kontuan hartzen gaineratu du OEEk.

«Beren jatorrizko herrialdeetatik modu behartuan atera behar ez izateko baldintza ekonomiko eta sozialak sortzen lagundu beharrean, modu ordenatuan eta legalean kudeatuta eta giza eskubideen errespetuan oinarritutako migrazio-politikak ezartzen lagundu beharrean, migratzeko eskubidea kriminalizatzen da», azaldu du OEEk, Europan alderdi kontserbadore eta liberalek eskuin muturraren diskurtsoa bereganatu dutela gogoratu ondoren.

Aurrepausuak

Panorama ilun honetan aurrerapenak ere ematen direla nabarmendu du OEEk. Izan ere, iazko martxan udal-erroldaren garrantzia azpimarratzeko kanpaina bati ekin zioten. Udal-erroldarekin oinarrizko zerbitzuak jasotzeko atea irekitzen da. Eudeli erroldei buruzko protokolo bat ezartzeko eskatzea zen kanpaina honen helburua.

«Pozik esan behar dugu, urtebete geroaga, kanpaina hau emankorra izan dela eta joan den ekainean, Eudelek, egoera berezietan erroldatzeko irizpide komunak onartu zituela. Irizpide horietan, jarraibide komunak ezartzen dira udalentzat, pertsonen erroldatzea errazteko, eztabaidak eta interpretazio desberdinak saihestuz, eta hori modu eraginkorrean eta segurtasun juridikoarekin egiteko. Adibidez, elkartasunagatik, ahaidetasunagatik edo adiskidetasunagatik etxebizitza batean bizi direnak; etxeko langileak eta barne-zaintzaileak, haien familiek erroldatzeko eskubidea aitortzen ez dietenak; edo alokairuan bizi diren pertsonak, jabeak erroldatzea eragozten dienak», azaldu du.

Dena den, Eudelen irizpideak udalentzako gomendioak baino ez dira. «Orain, bigarren fase batean sartuko gara, eta euskal udalei eskatuko diegu gomendio horiek praktikan jartzeko eta ahalik eta lasterren egiteko behar diren prozedurak eta baliabideak bideratuz. Gure kasuan, Uribe Kostako Mankomunitatera eta mankomunitatea osatzen duten udaletara jotzen dugu, horiek betetzeko behar diren protokoloak ezar ditzatela eskatzeko», iragarri dute.