INFO
Entrevista
Perdi Paredes
Txikiren anaia

«Extremaduran sortu, hona etorri eta bizitza ematea… ‘¡este puto extremeño!’ esango zuten»

Hil eta hurrengo egunetan indar parapolizialen jazarpena jasan zuen Jon Paredes Manoten familiak, aitortza instituzionala ere mende berrian ondo sartuta iritsi zen. Haren oroimena du aldarri Perdi Paredes Txikiren anaiak eta haren asmoak betetzeko esperantza. [‘Haustura ala erreforma’ podcasta]

Perdi Paredes, anaiarekin harro betidanik eta betirako. (Gorka Rubio | Foku)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Zortzi urte zenituen Jon anaia hil zutenean, baduzu garaiko oroitzapenik?

Flash batzuk baditut, gogoan dut auzoan jolasten genuenean zer egur ematen zigun. Berak lehenago alde egin zuen etxetik, mendian ere asko ibiltzen zen eta bere kontuetan... eta etxetik ez zen asko agertzen eta pena handia ematen dit berarekin gehiago egon ez izanak.

Irailaren 27a gerturatzean etortzen zaizkizu burura egun haietako gertakariak?

Bai, horiek bai, izugarria izan zen. Gogoan dut hura hil eta gero jendea hasi zela etortzen etxera, manifestazioak izaten ziren eta grisak ateratzen ziren. Herri osoa joaten zen manifestazioetara eta gure etxeko balkoi azpian bukatzen ziren. Ni txikia nintzen eta amarekin egoten nintzen, denok egoten ginen balkoian. Dena zegoen jendez beteta eta gero jende pila bat pasatzen zen etxetik, eta ezagutzen ez genuen jendea. Jonek esan zion amari irabaziko zituela seme piloa eta horrela izan zen, izugarria izan zen urte batzuetan zenbat jende etorri zen guregana.

Herritarren babesa izan zenuten lehen unetik beraz?

Bai, herrikoak beti eta bizilagunak eta jende asko etortzen zen guregana. Hori bai, hura gertatu eta gutxira etxetik alde egin behar izan genuen. Kalean ginen, etxera joan eta aurkitzen genuen atea botata… garai horietan zeuden «inkontrolatuak», Batallon Vasco Español, Guerrilleros de Cristo Rey eta horrelakoak, baina poliziak ziren eta gure etxera etorri ohi ziren. Esan ziguten hobe genuela egun batzuetan etxetik alde egitea eta Añorgara joan ginen, han egon ginen bizitzen hilabete batzuk.

Zalamea de la Serenakoa da zuen familia, zarauztartua. Nongoak izate horrek zuen etxean pisua izango zuen…

Nire gurasoak artzainak ziren eta handik etorri ziren. Kepa eta ni gara gazteenak eta hemen jaio ginen, baina beste denak han jaio ziren eta 8-10 urterekin etorri ziren. Gu hangoak ginen, baina hona etorri ginen eta… begira Jon! Dena eman zuen.

«Pagarik ez, galtza berririk ez, baina Jonek ez zuen halakorik behar, berea zuen mendia, eta Euskal Herria»


Askotan galdetzen nion nik amari nolakoa zen Jon. Nire ama alargun geratu zen, 40 urterekin edo, zazpi seme-alabekin. Kontatzen zidan Joni esaten ziola «aste honetan ezin dizut pagarik eman» eta Jonek erantzuten ziola «nik ez dut behar, ez du inporta…» Galtzak zuloekin zituen eta esaten ziola «oraindik ezingo dizut erosi prakarik» eta hark «ez ditudala behar, hauekin oso ondo moldatzen naiz»… Ez zuen halakorik behar, berea zuen mendia, eta Euskal Herria.

Jon anaia beti izan da presente zuenean ezta?

Bai, beti eredu izan da. Bere koadroak ditugu etxean, bere tatuajeak ere baditut… zen bezalakoa zelako eta egin zuenagatik. Onerako eta txarrerako, noski. Kontroletan, adibidez, karneta erakutsi eta ‘Paredes’ ikusitakoan… bueno! Behin, adibidez, Kataluniatik bueltan autobusa geratu zuten, denei karneta eskatu eta ni bakarrik jeitsiarazi ninduten. Bi ordu egon ginen han.

Horrelakoak asko gertatu zaizkigu etxeko denoi, ikusten zuten Paredes Manot… eta noski! Derion, behin, gogoan dut, geratu gintuztenekoa. Nik poltsan beti anaiaren argazkia eramaten dut, poliziak hura ikusi zuen eta entzun nuen «tiene que ser algún terrorista que tiene esto aquí…», ni kanpoan, eskuak atzean eta, badakizu, mendira begira. Etorri zen eta ia nor nintzen, eta nik ba «Txikiren anaia», eta haiek hasi ziren «esos mataron a mi abuelo, esos terroristas…» eta beno, nik esan nion «unos mataron, aquí ya se ve quién ha matado mucho… yo estoy muy orgulloso de mi hermano», eta beno, han egon ginen luze!

Aipatu duzu anaia hil osteko egunetan momentu gogorrak bizi izan zenituztela…

 

Gauza gutxi behar zituen Txikik, borroka eta natura baino ez. (Euskal Memoria Funtsa)


Bai, etxera joan eta ikusten genuen bat-batean atea irekita, dena lurrean botata… eta hori bizpahiru aldiz gertatu zen. Orduan gomendatu ziguten alde egiteko etxetik denbora batez. Gogoan dut azaro hartan bertan gertatutakoa. Bizilagun baten etxera joan ohi ginen maiz afaltzera, asko lagundu gintuzten. Halako egun batean, han ginela tinbrea jo zuten eta nire ama agertu zen odoletan, «que nos matan» oihuka. Bizilaguna behera jaitsi zen bizilagun guztiei tinbrea joz laguntza eskatzen. Jaitsi ginen eta han denak burua zabalduta zuten…

Oso haserre zeuden haiek Jonekin. Joan den urtean, gure ama hil zenean, etorri zen pertsona bat eta esan zidan, «begira ni atxilotu ninduten gaztetan eta galdetu zidaten ‘¿tú conoces a Txiki?’ eta hark ‘sí, porque es de mi pueblo, es un año mayor que yo’ eta esan zion ‘el día que le cojamos a ese que sepas que lo vamos a matar‘», esan omen zioten. Izugarrizko amorrua zioten Joni.

Zergatik zioten halako amorrua zure ustez?

Extremaduratik etorri da, 10 urterekin, ez du hizkuntza ezagutzen, ez du Euskal Herria ezagutzen… Hauek ez zuten sinesten, euskaldun asko ez dira sartzen kontu hauetan, eta normala da, eta zer eta Extremaduratik etorritako bat sartzen da ETAn eta ez zaio inporta zer gertatuko zaion, hor sartu eta badakizu zer gertatu ahal zaizun… Extremaduran sortu, hona etorri eta bere bizitza ematea… «¡este puto extremeño!» esango zuten. Nire ustez horregatik zioten amorrua.

Irailaren 27a gerturatzen denean zuen etxean ere gauza asko mugitzen dituen eguna izango da ezta?

Bai, gainera hasten dira bateko eta besteko elkarrizketak. Aurten 50 urte, gainera, gauza berezi asko antolatu dira. Aurten berezia izango da eta data gerturatu ahala urduri jartzen zara bai. Aurten, gainera, ama falta da, iaz joan zitzaigun eta… beti han zegoen ukabila altxata ‘Eusko Gudariak’ abesten eta jada ez da egongo. Garrantzitsua da oroitzea, jendeak jakin dezan zer gertatu zen.

Aipatu duzu Ertzaintzak omenaldiari jarritako oztopoak, garaian etxean jasandako erasoak, ondoren kontroletan izandako jazarpenak… Ezin izan duzue zuen anaiaren figura bakean gogoratu?

Ez, askotan ez. Joaten ginen urtero omenaldia egitera eta maiz ikusten genuen kalez jantzitako polizia kanposantu barruan. Beste batzuetan ertzainak etortzen ziren eta hasten ziren gu grabatzen… Liskarrean, erdi borroketan, bota gintuzten behin edo bitan hilerritik. Izan ditugu halakoak…

Biktimak hitza entzunda zer datorkizu burura?

Hitz zaila da… Niretzako nire anaiak berak hartu zituen bere hautuak, ETAn zegoen, hori argi dago. Baina epaiketa fartsa baten biktima izan ziren bera eta Otaegi, epaiketa justu bat izan balute bizirik egongo lirateke, amnistiarekin aske utziko baitzituzten. Garai horretan Franco hilzorian zegoen eta Euskal Herriari eskarmentu bat eman nahi zion, hartu zituen hauek eta hauek barrura…

«Epaiketa justu bat izan balute bizirik egongo lirateke, amnistiarekin aske utziko baitzituzten»


Epaiketa fartsa bat izan zen, lekukoek zioten tiroa bota zuenak 1’80 inguru neurtzen zuela, nire anaiak 1’52 inguru neurtzen zuen, proba balistikoak eta ez zizkieten utzi...

Azken unean amak besarkada bat eman nahi zion eta ez zioten lagatzen, azkenean teniente batek utzi zion besarkada bat ematen. Amak kamiseta azpian dena beltzuneak ikusi zizkion eta galdetu zion ia zer pasa zitzaion, eta hark «me han torturado ama, pero no he dado ningún nombre, y ya sabes ama, que van a por mi y me van a matar». Berak oso garbi zeukan.

Txiki eta Otaegik Legebiltzarraren biktima aitortza ofiziala jaso zuten, zer suposatu zuen horrek zure familiarentzat?

Asko gara familian, bakoitzak bere irizia izan dezake, edo ez. Baina, ondo egon zen. Ama gustura geratu zen. Aitortza bat zelako Joni egin ziotenaren inguruan, biktima bat izan zela. Ama pozik geratu zen eta ni ere bai. Gauzak ez ziren ondo egin, beti entzun dugu terroristak eta halako kontuak, baina begira, aitortza bat egon zen eta zerbait egin zen, eta nik uste etxekoak pozik geratu ginela. Ez dakit nahikoa den ala ez, baina pozik geratu ginen.

Memoriarako geratu dira zure anaiak askatasun haizeari erreferentzia eginez idatzita utzi zituen hitzak…

Horrek esaten dit berak borroka egin zuela eta agian egun batean lortuko dugula zerbait. Independentzia? Ez dakit, gu euskaldunak gara, hori garbi dago.