Adimen artifizialean egindako lanagatik Gladys Saria jaso du Usue Mori EHUko irakasleak
Usue Mori Carrascal izan da Gladys Sariaren V. edizioko irabazlea. Epaimahaiak nabarmendu duenez adimen artifizialaren ikuspegi soziala «indartzen» dute bere proiektuek. «Ez genuke utzi behar adimen artifiziala teknologia-enpresa handien esku bakarrik», adierazi du saridunak.
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultatearen Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala sailean irakaslea den Usue Mori Carrascal izan da aurtengo Gladys Sariaren irabazlea. Hain zuzen, adimen artifizialaren alorrean egindako lana aitortzeko saritu dute.
Ostiral honetan eman diote saria eta, epaimahaiak adierazi duenez, «haren proiektuek adimen artifizialaren ikuspei soziala indartzen dute eta ezagutzaren emaitzak praktikara eramaten dituzte, gizarteak horien onura zuzenean jaso dezan; haren jardunak erakusten du ikerketa ez dela zertan akademiaren barruan geratu behar, eta teknologia eraldatzaileak gizartearen zerbitzura jar daitezkeela».
Saridunaren hitzetan, adimen artifiziala geratzeko iritsi da eta «guztiok izan beharko genuke zer esana: nolako adimen artifiziala eta zertarako nahi dugun. Ez genuke utzi behar adimen artifiziala teknologia-enpresa handien esku bakarrik».
Morik berak aitortu duenez orain gutxi arte bere lan-ildoa ikerketa hutsa zen, ikerketa horrek gizartean izan zezakeen inpaktuari erreparatu gabe. Orain, aldiz, haren kezka nagusia da egiten duen lana gizartearen onurarako izatea.
V. edizioa
V. edizioa bete berri duen Gladys Sariak ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten duten lana jendarteratzea du helburu. Zentzu horretan teknologiaren esparruan hasi nahi duten neska gazteei zuzendu zaie Usue Mori: «esango nieke nahi dutena egiteko, egiten duten horrekin disfrutazeko; eta pixka bat kañerak izateko, eta ez isiltzeko».
PUNTUEUS Fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak sustatzen duten ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes nagusia du, eta lagun ditu Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazioa, EITB eta EHUko Berdintasunerako zuzendaritza.