INFO

Euskal Mendizaletasunaren Gala aitortzen aterpea izan zen

Club Vasco de Camping Elkarteak Donostian antolatutako ekitaldian Euskal Mendizale Federazioaren eta ‘Pyrenaica’ aldizkariaren sariak banatu ziren. Gala berezi horretan ere CVCEPHOTO nazioarteko argazki lehiaketaren irabazleak oholtzara igo ziren.

Euskal Mendizale Federazioko eta Pyrenaica aldizkariko saritu guztiak. (Josu Mirena BARONA)

Donostiako Club Vasco de Camping Elkartearen 75. urteurrenaren harira Euskal Mendizaletasunaren Gala ospatu da. Hain zuzen ere, elkarte horrek ardura hartu zuen aurtengo ekitaldia antolatzeko. Oro har esan daiteke berezitasun kutsua izan zuela. Izan ere, Euskal Mendizale Federazioaren eta ‘Pyrenaica’ aldizkariaren sariak banatzeaz gain, elkarte horrek antolatzen duen CVCEPHOTO nazioarteko argazki lehiaketak ere lekua hartu zuen.

Aitortza guztiak banatu aurretik, ekitaldiko hitzaldi nagusian, EMFko presidente Ricardo Hernanik gogorarazi zituen mendizaletasunaren erronka nagusiak: klubetan belaunaldi erreleboa bermatu, ingurunearekiko errespetuaren balio tradizionalak mantendu eta haize parkeek sortutako kezkak eta mendiko kontsumo ohitura berriek izan dezaketen eraginaz hausnartu. Bide batez, Hernanik honakoa nabarmendu nahi izan zuen: «Jarraitu, bai, baina ez edonola, ezta edozein prezioren truke ere. Betiko balio berberekin jarraitu behar dugu, horiexek ekarri baitute gaur egun garen tokira eta garen izatera».

Ekitaldiak Euskal Mendizale Federazioaren urteko sarien banaketarekin jarraitu zuen, urtean zehar federazio eremuan egindako lan, ibilbide eta ekarpen aipagarrienak aitortzeko helburuarekin. ‘Euskal Mendizaletasunaren Lagunak’ saria Mendietxe Elkartearentzat izan zen, Soraluze Elorza familia eta Alex Txikon alpinistak sortua, Azpeitian eraiki duten nazioarteko mendiko museoa bultzatzeagatik eta Emmoa Fundazioarekin etorkizuneko lankidetzagatik.

Ibilbidearen saria, berriz, Jose Maria Pradera Gurrutxaga eta Juan Luis Arriola Loiola mendizale beteranoentzat izan zen, klubetan eta mendiko kulturaren sustapenean egindako bizitza osoko lanarengatik. Pradera 15 urterekin sartu zen Arroletza Mendi Taldean eta Bizkaiko Mendizale Federazioko lehen presidentea ere izan zen. Arriolak, berriz, Arabako mendizaletasunari eman dio bizitza osoa: ibilbideak diseinatu eta inguruko gida-liburuak idatzi ditu.

‘Loli Lopez Goñi Emakume Mendizaleak’ saria Arantza Lazurtegi mendizaleak jaso zuen, mendizaletasun femeninoan emandako adibideagatik eta lidergoagatik. Bi mila gailur baino gehiago igo ditu; horien artean, ehunekoen katalogoko 920. Mendi lehiaketa eta txapelketa askotan parte hartzeaz gain, Sopelako Munarrikolanda Mendi Taldeko lehendakaria da.

Bestalde, ‘Antxon Bandrés Jarduera Interesgarriena’ saria Rafa Elorzarentzat, Eli Azurmendirentzat eta Juan Carlos Sanzentzat izan zen. ‘El arte en el croquis de escalada’ liburuaren egileak dira, eta eskaladako krokisaren balio artistiko eta dokumentala aldarrikatzeagatik jaso zuten aitortza.

Eta azkenik, ‘Andrés Espinosa Euskal Mendizale 2025’ saria, Joseba Iztueta alpinistari eman zitzaion, bere ibilbide luzeagatik eta abentura, konpromisoa eta aurkikuntza oinarri dituen mendizaletasunaren espirituari egindako ekarpenagatik. Pirinioetan, Alpeetan, Kirgizistanen, Tajikistanen, Indian, Marokon eta Baltistanen ibili da, beste hainbat lekurekin batera. Bere ibilbidea Andres Espinosa aitzindariarenaren antzekoa da.

‘Pyrenaica’

Ohi den bezala, Euskal Mendizaletasunaren Galan EMFk emandako aitortzek «sokakide» berezia izaten zuten. Hots, ‘Pyrenaica’ aldizkariaren sariek. Gogora dezagun euskal federazioaren aldizkariak azken urtean argitaratutako artikulu eta argazki onenak saritzen dituela.

‘Pyrenaica’ argazki lehiaketan, adibidez, Juan Jose Lopez Azurmendik ‘Llegando a Concordia’ lanagatik lehen saria eraman zuen eta Antxon Gorrotxategik bigarrena ‘Lyskamm’-engatik.

Bien bitartean, ‘Pyrenaica’ artikulu lehiaketaren irabazlea Josu Granja izan zen, ‘La sima Leunbe y el Maelstrom vasco’ lanagatik. Kattalin de Pedro eta Iñigo Unanueren ‘Zikloalpinismoa Bolivian’ lanak bigarren saria jaso zuen eta Mikel Arrizabalagak hirugarrena ‘Tashi Delek’ testuarengatik.

Azkenik, ‘Pyrenaica’ blogaren saria Ainhoa Lendinezentzat izan zen ‘Ama Dablam’ izeneko argitalpenagatik.