INFO

Herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatu dute Athletic-Qarabağ partidaren testuinguruan

‘Azerbaijango erregimenaren aurpegi zuriketarik ez’ lelopean hitzaldia antolatu zuten Iñigo Cabacas Herri Harmailak eta Askapena erakunde internazionalistak. Armeniak pairatu duen jazarpena eta Azerbaijango Estatuak Artsajen (Nagorno Karabaj) burututako garbiketa etnikoa izan zituzten hizpide. 

BIRA Kulturgunean egindako hitzaldia. (Iñigo Cabacas Herri Harmaila)

‘Sportwashing’ terminoa bolo-bolo dabiltza azken boladan kirol alorrean. Adibiderik garbiena Israel-Premier Tech txirrindularitza taldekoa izan zen La Vueltako aurtengo edizioan. Alabaina, futbolean hamaika kasu topatu ditzakegu.

Azerbaijanek ere bere nagusitasuna zabaldu nahi izan du azken urteetan kirolaren aitzakipean. Horren adibide dira Qarabağ taldearen sorkundea, ‘Azerbaijan, Land of Fire’ publizitatea Atletico Madrilen elastikoan edota Bakun antolatzen den Formula 1eko Sari Nagusia.

Horren guztiaren atzean zer ezkutatzen den azaltzeko xedez, Armenia eta Azerbaijanen arteko gatazkaren sustrai historikoak eta dimentsio geopolitikoak jorratu zituzten Iñaki Etaio Askapena erakunde internazionalistako kideak eta Asier Ansoleaga Jarki erakundeko militanteak. Biak irakasleak dira, ofizioz. Gainera, bata zein bestea sarritan egon dira Kaukasoko lurraldeetan.

Azaldu zutenez, FK Qarabağ taldeak Bakun dauka egoitza nagusia eta Azerbaijaneko hiriburuan jokatzen ditu partidak, Azersun Arena zelaian. Baina, funtsean, armeniar izandako Nagorno Karabaj eskualdearen izena hartzen dute, non, Azerbaijanek lurralde hori suntsitu eta okupatu izan du urteetan zehar. Horren harira, asteazkenean, San Mamesen jokatuko den Txapeldunen Ligako deman, armeniar herriari elkartasuna eta laguntza eskaintzeko deia luzatu zuten.

Hastapenak

Armeniaren eta Azerbaijanen arteko erlazioa tentsio historiko, gatazka eta desadostasunetan oinarritu da historikoki. Izan ere, Ansoleagak azpimarratu zuenez, XX. mendean, Europan emandako lehen genozidioa Armenian eman zen, 1915ean, hain justu ere.

Ansoleaga berak hartu zuen hitza lehendabizi. Entzuleak, testuinguruan jartzeko asmoz, Armenia eta Azerbaijanen sustrai historikoak jakitera eman zituen: «Kaukasoko lurraldeetan kokatzen gara, zonalde menditsu batean, non, uztartzen diren etnia ezberdin asko. Bestalde, Inperio indartsuak lurralde hartan desegin dira historikoki; iparraldean Errusia dago, Hegoaldean Iran (garai bateko Persiar Inperioa) eta mendebaldean Turkia (garai bateko Otomandar Inperioa)».

Gauzak horrela, herrien arteko liskarrak eguneroko ogia izan ziren XX. mendean zehar. Georgia, Armenia eta Azerbaijan hiru estatu independente bihurtu ziren SESB desegin ostean, baina Abkhazia, Osetia, Txetxenia, Inguxetia edo Artsajeko (Nagorno Karabaj) lurraldeen gatazkak ez ziren baretu ezta konpondu ere.

Gatazkaren protagonistak gorpuztu zituen Ansoleagak. Alde batetik, Azerbaijan irudikatu zuen herrialde aberatsena bezala, batez ere, petrolioak ematen dion boterearengandik. Antzekotasun handiak mantentzen ditu Turkiarekin, izan ere; hizkuntza turkiarra da. Egun, hamar milio biztanle ditu, eta presidentea oinordean jaso zuen boterea.

Nagorno Karabaj lurraldeari, Artsaj deitzen diote armeniarrek. Bandera ia berdina erabiltzen dute, Armeniaren antzekoa da, baina eskuineko aldean marra batzuk ditu, mendiak irudikatuz. Bandera horren esanahia da bere anai armeniarrengandik banatuta daudela, Ansoleagak jakinarazi zuenez.

Bestetik, Armenia lehenengo herrialde kristau gisa aurkeztu zuen. «Hiru milioi biztanle izan arren, armeniar gehiago daude erbestean Armenian baino», gehitu zuen. Izan ere, Armenia historikoki herrialde zapaldu bat bezala ezagutu da. Ildo horretan, hizlariek garrantzia eman zioten 1915ean armeniarrek pairatutako genozidioari Otomandar Inperioaren aldetik, gaur egungo egoera ezagutzeko.

Lehenengo Mundu Gerraren testuinguruan, otomandarrek leporatzen zieten armeniarrei Errusiaren alde egitea. Hori ez ezik, ‘Turkiar Gazteak’ ezaguturiko Turkiako alderdi politiko nazionalistak inperioa «garbitu» nahi zuen, gutxiengo ez musulmanak ezabatuz (armeniarrak, greziarrak eta asiriarrak).

Turkia eta Azerbaijanen erasoen aurkako manifestazioa (EUROPA PRESS)

Bi argudio horiek kontuan harturik, armeniarrak etsaitzat hartu zituzten otomandarrek. Hortaz, nahitaezko deportazioa eta armeniar kultura suntsitzeko ahalegina burutu zuten. Emaitza lazgarriak utzi zituen genozidioak: 1,5 milioi armeniar hildako, eta tartean buruzagi eta intelektual armeniar asko. Hori gutxi balitz, Ansoleagak nabarmendu zuen kontzentrazio-esparruetara eraman zituztela armeniarrak eta beste ehunka zibil deserriratu zituztela.

«Haatik, gaur egun, Turkiako Gobernuak ez du barkamenik eskatu eta ez du genozidioa aitortu. Aitzitik, armeniarren desagerpena, gerraren ondorioekin lotzen dute», gaineratu zuen Ansoleagak. Alderantziz, 2021ean, 30 herrialde inguruk onartu zuten Armeniak jaso izan zuen genozidioa. Espainiar Estatuak, ordea, ez du aitortu genozidio bat izan zenik.

SESB eta gatazkaren su-etena

1922an, Sobietar Batasunaren sorrerak su-eten iraunkorra eragin zuen lurraldean, nahiz eta zauriak ez ziren inoiz orbaindu. Izan ere, Armenia, 30.000 km²-rekin errepublika txikiena zen.

Alta, Ansoleagak aditzera eman zuenez, armeniar kultura «nolabaiteko biziberritzea izan zuen» eta «asko hazi zen». Besteak beste, Armeniako museo nazionala, liburutegi nazionala, metroa, zinema-aretoak Sobietar modernismoaren ikurra izan ziren.

1921ean, Alderdi Komunistako Kaukasoko Batzordeak erabaki zuen Nagorno Karabaj Azerbaijango Sobietar Errepublika Sozialistaren menpe geratuko zela, gehiengo armeniarra izan arren. Halere, oblast (lurralde) autonomo gisa funtzionatzen zuen eta parlamentu independente bat zeukaten.

Errepublika sozialisten zein herrien arteko tentsioak oso baretuta egon ziren hamarkadaz hamarkada SESBren garaian. 90. hamarkadan, aldiz, SESB desegin zenean, gatazka geopolitikoak berpiztu ziren. Esate baterako, Artsajen. 

1988ko otsailean, Nagorno Karabajeko Oblast Autonomoko Sobiet Batasunak Armeniarekin bat egitearen alde bozkatu zuen. SESBk ez zuen begi onekin ikusi egitasmo hori, Azerbaijango Alderdi Komunistarekin zuen erlazioa okerrera joan zitekeelako.

Iñaki Etaiok hartu zuen hitza bigarren zati honetan. Azaltzen zuenez, Armenian sartzeko eskaerak hautsak harrotu zituen Azerbaijanen eta «erantzun oso bortitza» antolatu zuten armeniarren aurka: «Pogromoak sortu zituzten, armeniarrak kolpatu, jipoitu eta etxetik kanporatu zituzten. Gorroto sentimendua elikatu zituzten. Hain justu ere, Azerbaijanen bizi ziren armeniar askok ihes egin zuten herrialdetik beldurrarengandik».

Nagorno Karabajen gerrak

1991ean, SESB deseginda Georgia, Armenia eta Azerbaijanen independentzia etorri zen. Gauzak horrela, urte hartan, erreferendum bat burutu zuen Artsajeko Parlamentuak eskualdearen independentziaren alde eta Azerbaijanetik banatzeko asmoz. Bozketak ez zuen izan nazioarteko balioespenik, eta Katalunian 2018an gertatu zenarekin alderatu zuen Etaiok. Honako hau izan zen emaitza: biztanleriaren %82 joan zen bozkatzera (132.328 biztanle) eta errepublika independente bat sortzearen alde bozkatu zuen %99,8k. Dena den, ez zuen aitortza ofizialik izan. «Armenia berak ere ez zuen onartu emaitza», gaineratu zuen.

Handik gutxira, Armenia eta Azerbaijanen arteko gerra zuzena piztu zen, Nagorno Karabaj eskualdearen kontrolatzeko lehian. Armeniarrek bereganatu zuten zonaldea 1994an, bake-akordio batera iritsi barik.

Beste norabidean, Azerbaijanek baliatu zuen sobietarrek abandonatu zituzten gas eta petrolio hobiak ustiatzen hasteko. Horren ondorioz, petrolioa eta gasari esker, herrialdearen garapena etorri zen, batez ere; ekonomia eta indar armatuak modernizatu zituzten. 

Gauzak horrela, bigarren gerra lehertu zen 2020an bi herrialdeen artean. Etaiok azpimarratu zuen Azerbaijanek erabateko laguntza jaso zuela: «Artsaj osoa militarki hartzeko gai zegoela ikusi zuten. Turkiako ‘Otso Grisak’ talde paramilitar faxistak eta Siriatik etorritako yihadistak sartu ziren Azerbaijanen alde borrokatzeko». Hori esker, zonaldeko gune estrategikoak berreskuratu zituzten Artsajen (Shushí eta Stepanakert).

Azerbajaingo presidentea, Alijev, Azerbaijango bandera muxukatzen Nagorno Karabajeko lurretan (EUROPA PRESS))

Gaur egungo egoera

Etaioren aburuz, zonaldearen marrazki geopolitikoa «erabat birmoldatu zen» Azerbaijanen esku-hartzearekin Artsajen. Dena den, 2.000 soldadu errusiar geratu ziren errefuxiatuen pasabideak bermatzeko asmoz Stepanakert hirira. 

Haatik, Etaiok azaldu zuenez, «era bitxian» pasabideak blokeatzeko teknika burutu zuen Azerbaijanek: «Ekologistaz mozorrotutako militarrak bertaratu ziren zonaldera, GKEko bolondresak zirela eta Gobernuko aginduak jasotzen zituztela argudiatuz. Postu militarrak ezarri zituzten bide alternantiboak blokeatzeko xedez eta elikagai eta hornidura faltaren ondorioz, ume eta adinezko asko hil ziren».

Azken erasoladia, 2023an egin zuen Azerbaijanek. Nagorno Karabajen suntsipena eta Armeniaren indar-armatuen errendizioa gauzatu zen. Hori ez ezik, zonalde osoa azerien esku geratu zen, eta 120.000 armeniar inguruk alde egin behar izan zuten euren arbasoen lurraldetik. Gainera, NBEk aitortu zuen Nagorno Karbaj Azerbaijaneko lurraldea bezala.

«Lurraldea bere gain hartu eta kolonizatu zutenean, Artsajeko Parlamentuan sartu zen Alijev, Azerbaijango presidentea, Nagorno Karabakheko bandera zapaltzen. Ostean, parlamentua suntsitu zuten», kontatzen zuen Etaiok.

Haren iritziz, ingenieritza demografikoa deritzon teknika darabil Azerbaijanek: «Sionistek palestinarrekin egin dutenaren antzera funtzionatu dute, herri bat suntsituz, herri baten memoria zapalduz, toponimia aldatuz eta herri artifizial bat eraikiz populazio berria ekartzen».

Horren lekuko izan zen NAIZ Hayk Harutyunyan armeniarraren testigantzak jaso zituenean 2024an, erasoalditik urte batera. Harutyunyanek ezin izan du euren arbasoen etxera itzuli oraindik.

Donald Trump bake akordioak sinatzen (EUROPA PRESS))

Amaitzeko, Etaiok azpimarratu zuen Azerbaijanen aliantzak «garrantzia handia» dituztela gatazka honetan. Batetik, azaltzen zuen Europar Batasunak gorrarena egin duela urteetan zehar. Bereziki, Errusiari ezarritako zigorrengandik, petrolioarekin negozioak egin ditzakeelako Azerbaijanekin. 

Bestetik, Nobel Saria eskuratzeko lehian egon zen Donald Trump AEBko presidentea, besteak beste, Palestinako edo Nagorno Karabajeko gatazketan «irtenbide bat» lortzearren. Azken finean, Errusiaren lekukoa hartu du AEBk. Gauzak horrela, korridore bat kudeatzeko lanetan ibili da Trump, eta bere izena txertatu du egitasmoan: TRIPP (Trump Route for International Peace and Prosperity). Interes ekonomikoak ezkutatzeaz gain, aitortzen dute gune estrategiko ikaragarri ona dela Washingtonentzat, Iranen gertu baitago korridorea.