Eskuinaren gorakadaren aurrean autodeterminazio mugimenduen erantzuna aztertuko dute Bruselan
Ciemen, Coppieters eta Iratzar Fundazioa antolakundeek ‘Subiranotasuna aldarrikatuz’ jardunaldia antolatu dute Bruselan, azaroaren 4an. Ekitaldiak autodeterminazio mugimenduek indar erreakzionarioen olatu berriari eta Europako eskuin muturraren gorakadari nola erantzuten dioten aztertuko du.
Autodeterminazio mugimenduek «indar erreakzionarioen olatu berriari» nola erantzuten dioten eta aurre egiten dioten Europako eskuin muturraren gorakadari aztertzeko ‘Subiranotasuna aldarrikatuz’ jardunaldia antolatu dute Ciemen, Coppieters eta Iratzar Fundazioa antolakundeek Bruselan, azaroaren 4an.
«Europan gero eta agerikoagoak dira bi fenomeno garrantzitsu. Hiritarrak eta estatuak subiranotasuna nazioz gaindiko erakundeetara eramaten ari dira. Pertsonak, komunitateak eta autogobernua indartzen dituzten mekanismo demokratikoak pixkanaka pribatizatzen ari dira», azaldu dute ohar batean.
Ondorioz, uste dute «subiranotasuna demoengandik (herriarengandik), korporazio pribatuengandik eta nazioz gaindiko erakundeengandik aldentzen ari dela». Testuinguru horretan, nabarmentzen dute «ideologia post-neoliberalekin lotutako diskurtso berriek sustatzen dutela demokraziak subiranotasunik gabe funtziona dezakeelako ideia, eta uste hori, aldi berean, ez dela errealista eta arriskutsua izan daitekeela gure gizarteentzat».
Ekitaldi honek dinamika horiek aztertuko ditu ikuspegi konparatibo baten bidez, subiranotasunaren aldeko mugimendu sendoak dituzten kasu ezberdinen esperientzietan zentratuz: demokraziaren, subiranotasunaren eta Europak gaur egun dituen erronken arteko harremana aztertzea dugu helburu.
Eztabaidak bi mahaitan egituratuko dira, gogoeta teorikoak eta akademiko, ekintzaile eta arduradun politikoen ikuspegi praktikoak uztartuz: Nola erantzuten dioten autodeterminazio mugimenduek indar erreakzionarioen olatu berriari eta nola aurre egiten dioten Europako eskuin muturraren gorakadari.
Jardunaldiaren egunean, 17.30ean, izen-ematea eta ongietorri harrera izango dira. Jarraian, 18.00etatik 18.15era ‘Ekitaldiaren aurkezpena eta ikuspegi orokorra’ egongo da, Marta Bainkaren eskutik, Coppieters Foundationen izenean.
Ondoren, 18.15etik 19.00etara lehen mahai-ingurua egingo da: ‘Subiranotasuna Europan - Esparru Politiko eta Juridikoak’ izenekoa. Parte-hartzaileak Albert Noguera Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea Valentziako Unibertsitatean eta Jule Goikoetxea EHUko filosofoa eta Teoria Politiko eta Filosofiako irakaslea izango dira. Mahai-ingurua Andoni Olariaga Iratzar Fundazioko kideak eta filosofoak moderatuko du.
19.00etatik 19.30era bigarren mahai-ingurua izango da, ‘Subiranotasuna, muturreko jarrera eta gizarte-dinamikak’ izenburupean. Solaskideak Arkaitz Fullaondo soziologoa eta Lan Harreman eta Gizarte Laneko irakaslea EHUn; Andree Murphy Ireland’s Futureko zuzendaritzako kidea; eta Lesley Riddoch Nordic Horizons-eko idazlea eta zuzendaria izango dira.
19.30etik 20.00etara publikoaren galdera eta erantzunetarako tartea irekiko da, eta amaitzeko, 20.00etatik 20.15era jardunaldiko amaierako hitzaldia izango da.