Mikel Ibargurenen ‘Haize begitik’, bizitza txiki baina ez kaskar baten ospakizuna
Eguneroko kontu arruntei, ia ustekabean egiten ditugun erritualei erreparatu die Mikel Ibargurenek ‘Haize begitik’ (Susa) poema liburuan. Badoan egun bakoitza kontzienteago bizitzeko ahalegina dira bertan bildutako 50 olerkiak.
Datorren urtean 30 urte izango dira Mikel Ibargurenek bere lehenengo poema liburua argitaratu zuenetik. Seigarrena besapean hartuta dator: ‘Haize begitik’.
Eta idazlearen liburu berria Susaren poesia saileko 100. argitalpena da, hain justu ere. Azaleko diseinu berriarekin dator. Oraingoan Lander Garrok egindakoa.
Itsasargia ikus daiteke liburuaren azalean. «Itsasargia bada itsasontziak lurra ez jotzeko argi bat, edo eta bada begiraleku bat. Hain zuzen ere, inguruari begiratzen dion norbait da poema hauetako ahotsa. Ingurura begiratu eta ikusten duena kontatzen digu. Edo barrura begiratu eta sentitzen duena adierazten digu. Baina ez du ingurura begiratzen itsasargiak ematen duen altuera horretatik, nagusitasun batetik. Hurbileko begirada dela berea, bikotekideari, lagunari, lankideari, auzokoari, baztertutakoari, begiratzen diona», adierazi du Leire Lopez Ziluagak, Susa argitaletxeko editoreak.
Begira, baina ez geldirik. Mugimenduan dago narratzailea. «Sarri ageri da paseoan, batetik bestera mugimenduan, ibiltzea pentsamendurako akuilu balitz bezala, zalantzari beste zalantza bat gehitzeko aukera bat», esan du.
Bizitza txiki baten ospakizuna da ‘Haize begitik’. «Norberarena. Bakoitzarena. Su festa handirik gabe, arrandiarik gabe. Baina hondartzatik pozik etortzeak dakarren su festa txikiarekin. Poz bakoitza gozatze horrekin. Iragan pisutsua atzean utzi eta eguneko kafe hori, paseo hori, elkarrizketa hori gozatu nahiko balu bezala», azaldu du Lopez Ziluagak.
Errituak
«‘Haize begitik’ txikitasunak lotzen duen orainarekin eraikia» dago Ibargurenen esanetan. «Erritu bilakatzen zaizkigun zera txiki horietatik eratortzen baitira bizitzen jarraitzeko beharrezkoak ditugun bozkario, bizipoz eta sentipenak. Erritu horiek gure bizimodu uste duguna baino gehiago egituratzen dutela ohartu naiz».
Badoan egun bakoitza kontzienteago bizitzeko ahalegina dago. «Amaia Iturbidek dion legez, gureak bizitza txikiak baitira, baina ez kaskarrak. Liburu honetan daude tonu intimistagoak diren poemak, ebokazioaren bila doazenak, depuratuagoak direnak, ingurumari gutxikoak. Baina bai baina baita kezka sozialek eragindakoak ere deskriptikoagoak direnak ere. Pasatzen doan egun bakoitzak kontzienteago bizitzeko ahalegina dago».
Egunerokotasuna utopia dosi txikiz osatu daitekeela uste duen begiradatik idatzia dago poemarioa. «Artxibo existentzial bat osatuko balute bezala daude bertan esate batera, oroitzapenak, itaunak, isiltasunaren mintzoa, lankidearen heriotza ez traumatikoa, mundu hau pikutara doan sentsazioarekin idatzitako eko-antsietateak, jostailuzko dinosauroak, pitzak labean harrotzen, lan munduko kontuak, migranteen desesperantza eta beste».
Poesiaren itsasargitik begien aurrean duen mundu hori begiratzeko proposamena da Ibargurenena. «Nik neuk poesia introspekzioa ariketa modura ulertzen dut. Ipar orrats afektibo bat da, ez dagoen leku baterantz gidatzen nauena, baina norabide ematen didana, zentzu ematen didana».
«Batzuetan errealitatea bera poesia bihurtzen dela dirudi edo aitzitik, poesia errealitate. Idaztean auto kontzientea izan da nire klase kondizioa zein den nabarmentzea eta garrantzitsua iruditu zait bizi dugun garaian azaltzea zein diren egungo nire kezkak eta larritasunak», gaineratu du.
Denera 50 poema aurkituko ditu irakurleak, lau ataletan banatuta, asteko lau egunen izenekin: hilen, ebiakoitz, eguen eta igande. «Lehendabizikoan ageriago dago oroitzapena, gogoeta edo pentsabidea. Bigarrengoan agertzen dira greba egunak, etxebizitzaren arazoa, lan mundua, pentsio planak eta beste. Hirugarrengoan nabarmentzen dira gehiago migranteekin izandako harremanak, egun xaloenekin kontrastean, eta azkenengo atalean ageri da alderik behatzailea, hau da nire haize begitik, nire lehiotik, nire talaiatik begira, auzotarren joan etorriak gehien deskribatzen dituen atala beharbada. Errealitate hurbil eta poesia gauza bera izan zitezela nahi nuen, bien arteko muga difuminaturik bezala agertzen da», kontatu du idazleak.
«Hori da nik behintzat poesiari edo literaturari eskatzen diodan baldintzetako bat, bizi dugun errealitateari atxikia izatea, errealitate horri eskanerra pasatzea. Liburu autosoziobiografikoa dela esango nuke hein batean. Idaztean beti nire baitandik abiatzen naiz, ez dakit bestela egiten. Nire nitasuna da idazketaren abiapuntua, baina nitasun hori egitura sozialean txertatua dago», jarraitu du.
«Nire hitzak halako forma soziala soziala hartu duela esango nuke. Inoiz baino baino ageriago dago nire begirada. Batzuetan den bezalako da nire nitasuna, bestetan irudimenezkoagoa da. Jolasean bezala dabiltza nire nia eta nitasuna. Zentzu horretan, liburua behaketa sozial intimo eta afektibotik egina da. Behaketa horretatik jasotzen ditudan input-ez osatua dago. Nire mundu ikuskerarekin mundua begiratzeko modua ere badelako idaztea».
«Elkargune bat, oihartzun bat, irakurlearen belarrian murmurio antzeko bat uzteko gonbidapena» izan nahi du liburuak. Ispilu da batzuetan, leiho bestetan, ezten izaten ere badaki, hurrena berriz ukendu. Poesia ulertzeko dudan sentipenean aterpe bat izan da zentzurik zabalenean, gordeleku mentala, halako airbag emozionala», aitortu du.
«Ez da gauza handirik, baina zein garrantzitsua poesia orohar, erran nahi baita bizitzari, txikia baina ez kaskarrari gorazarri egiteko; Poesia, eguneroko angelu hiletan dauden esanezinak bistaratzeko. Poesia letra larriz, s'il vous plaît. Bibote handia zuen filosofo alemaniar hura parafraseatuz, sinistuta baitago poesiarik gabe bizitza akatsa litzatekeela», esanez amaitu du Ibargurenek.