Donostiako Udalbatzak 2026ko aurrekontuak onartu ditu, gizarte zerbitzuen %8,3ko hazkunderekin
2026ko aurrekontuak onartu ditu Donostiako Udalak, guztira 494.456.134 euro bideratuko dira, eta Jon Insausti alkate berriaren esanetan 40,5 milioik «hiritarren ongizatea» dute helburu. EH Bilduk aurrekontuen prozesua ez dela parte hartzailea izan salatu du, eta eragileen ekarpena beharrezkoa dela.
Donostiako Udalbatzak Udalaren 2026ko aurrekontua onartu du. Guztira, Udalak 494.456.134 milioi euro kudeatuko ditu, eta horietatik 40,5 milioi «hiritarren ongizatera» bideratuko direla azaldu du. Gizarte zerbitzuek %8,3ko hazkundea izango dutela nabarmendu dute.
EH Bilduk salatu du Udal gobernuak ez ziola erantzun ere egin aurrekontuak elkarlanean egiteko proposamenari, «marketing kanpainaren barruan bururatu zaizue, azken orduan bilerak antolatzea oposizioarekin, negoziazio itxura eman nahian, alkate berritzailearen irudia indartzeko, bilera publikoak, argazki eta guzti izatea nahi zenuten gainera, mamirik gabeko bilerak, ezer ez aldatzeko», azaldu du Juan Karlos Izagirrek. Eta nabarmendu dute, beraiek ez dutela horrela ulertzen politika, «ez gara itxurakeriaren aldekoak».
Jon Insausti Donostiako alkatearen esanetan aurrekontuak «donostiarren bizitza hobetzeko pentsatuta» daude. Izan ere, emandako datuen arabera, arlo sozialera bideratutako dirua aurrekontu orokorraren %8,20a izango da.
Alkateak nabarmendu duenez, aurrekontu honek «etxebizitzan jartzen du indarra, baita segurtasunean ere, Egiako polizia-etxea tarteko». Eta gehitu du 2026ko aurrekontuak donostiarren «eguneroko bizitzaz» hitz egiten duela. Horregatik, auzoei ere garrantzia eman diotela, «41 milioi bideratu ditugu auzoak hobetzeko: promesak zenbakietan gauzatu dira».
Lehentasunezko arloak indartu direla adierazi dute, eta ondorioz, gastu arrunta 12,3 milioi eurotan handituko dela, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko ezinbestekoa den langileen atala %5,69 handituko dela eta gizarte politiketara inoizko baliabide kopuru handiena bideratuko dela, hain zuzen ere, 40,5 milioi euro.
Aurrekontu sozialaren adierazle nagusiei dagokionez, zenbaki zehatzak emateaz gain, arlo sozialarekin lotuta 12 lanpostu berri sortuko direla aurreratu dute: 3 psikologo, 5 gizarte langile, 3 administrari eta administrari orokorreko teknikari.
«Honekin guztiarekin, udal zerbitzu publikoak indartzea da helburua, inor atzean ez uzteko eta donostiarrei eskaintzen zaizkien kalitatezko zerbitzuak hobetzeko», adierazi du Insaustik, eta gehitu du udal gobernuak oposizioko talde guztiei zuzenketak onartu dizkiela.