Ertzaintzak Ernaiko 9 kide identifikatu ditu Donostian euskararen aldeko ekimen batean
Ernaiko bederatzi lagun identifikatu ditu Ertzaintzak asteazken goiz honetan Donostiako Epaitegietan euskararen alde egindako ekimen batean. Euskararen aurkako oldarraldia salatu dute epaitegiko sarrera oztopatuz, «desordena publikoak» egotzita ikertuko dituztela jakinarazi du Segurtasun Sailak.
Ernaik Donostiako epaitegietan egindako ekimena dela eta Ertzaintzak bederatzi kide identifikatu ditu asteazken goiz honetan, eta «desordena publikoak» egotzita ikertuko dituztela jakinarazi dute.
Euskararen Egunarekin bat eginez, Donostiako Egiako epaitegian egin dute elkarretaratzea Ernai Gazte Antolakundeko kideek euskararen aurkako oldarraldia salatu eta «euskarak independentzia» behar duela aldarrikatzeko. «Hizkuntzaren gaineko oldarraldi politiko eta judiziala bizi dugu, eta euskararen aurkako epai zein erasoak etengabeak dira», salatu dute sare sozialen bidez.
Euskal Herria euskalduna dutela helburu adierazi dute gazteek eta horregatik egin dutela gaurko ekimena. Eraikinera sartzea galarazi diete pertsonei, pintura bota dute fatxadara eta «euskararen alde oldatu gaitezen» edota «euskarak independentzia» afixak eskuetan egin dute protesta.
Euskararen kontrako oldarraldia bizi dugu. Hizkuntzaren gaineko oldarraldi politiko eta judiziala bizi dugu, eta euskararen aurkako epai zein erasoak etengabeak dira.
— Ernai (@ernaigazte) December 3, 2025
Oldarraldia salatu eta euskarak independentzia behar duela aldarrikatzeko, Donostiako epaitegian izan gara. pic.twitter.com/LkraqLkmd1
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 10:00etan, Teresa de Calcuta plazako epaitegietara joateko eskatu diote Ertzaintzari; izan ere, jakinarazi gabeko elkarretaratze batean parte hartu dutenek pintura bota dute eraikinaren aurka eta eraikinerako sarrera oztopatu dute.
Ertzaintzak hamar pertsona identifikatu ditu guztira. Horietako bederatziri, 18 eta 26 urte bitartekoak, jakinarazi gabeko kontzentrazioko parte-hartzaileei, eginbideak ireki zaizkie desordena publikoen eta kalteen delituengatik ikertu gisa; hamargarrena, berriz, Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa (‘Mozal Legea’) urratzeagatik zigortzeko proposatuko da, «Ertzaintzaren lana oztopatzeagatik».