EiTB-k «zentsuratutako» hondakin planaren albistea, eskuz esku jarri du Gurasos elkarteak

Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plana Aldundiaren esku utzi zuten unea EiTBn «zentsuratua» izan dela salatu eta albistea lau haizetara zabaltzeko, sare sozialak medio, erronka bota du Gurasos elkarteak: «Baietz 200.000 ikusle lortu!»

NAIZ+|08/01/2019 09:14
Loading player...

Hitzartu prozesu parte hartzailearen bidez osatutako Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plana Gipuzkoako Foru Aldundian erregistratu zuten joan den ostiralean. Agintarien esku utzi nahi zuen GuraSOS elkarteak, haatik inor ez zen atera hura jasotzera.

Jasotako plantoi instituzionalaz gain, Aldundiaren egoitza atarian egindako ekitaldia EiTB-n «zentsuratua» izan dela salatu dute. Bertan, gainera, hamabi urteko bi umek hartu zuten hitza eta haur hauen hitza «isiltzea» leporatu dio Gurasos elkarteak telebista publikoari.

Ekitaldian zabaldutako mezua lau haizetara hedatzeko asmoz, bideo batean jaso dute albistea eta sare sozialak medio, eskuz esku zabaldu nahi du Gurasos elkarteak. Erronka ere jarri dute mahai gainera, ea 200.0000 lagunek ikusteko aukera duten!

Usurbil, Zubieta, Lasarte, Hernani, Andoain edo Astigarragako umeek «duten beldurrari» erreparatu zion ostiraleko ekitaldian hamabi urteko Norak eta Aldundiko arduradunak «bihozgabeak» ote diren galdetu zuen.

Hitzartu prozesuaren baitan landutako proposamena erregistratzeaz gainera, hurrengo manifestaziorako deialdia egin zuen Gurasos elkarteak, otsailean izango den eta data aurreratu ez badute ere, tokia bai: Antiguako tunela. Handik abiatuko da erraustegiari ezetz esateko hurrengo hitzordua.

Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketarako alternatiba dakarren plana urte bukatu aurretik aurkeztu zuen Gurasos elkarteak. Urtebete lehenago abiatutako Hitzartu prozesu parte-hartzailearen emaitza da plan hau eta tartean erraustegia ordezkatzea eragingo luke. Hiri hondakinak biegonkortzea aurreikusten du eta ondoren zigilatutako eta isolatutako gelaxketan gordetzea. Ez luke sortuko ez lixibiaturik, ez usainik eta ezta metanorik ere.