‘Egin ahotsik gabekoen ahotsa’ gogoan, itxieraren 21. urtemugan

Gaur 21 urte bete dira ‘Egin’ itxi zutenetik. Urtemuga beltzaren aitzakian, Josu Barandika ‘Egin’ egunkariaren sortzaileak hasiera urte haiek gogora ekarri ditu elkarrizketa honetan.

NAIZ|15/07/2019
Loading player...

Gaur 21 urte bete dira Baltasar Garzon epaileak Egin ixteko agindua eman zuenetik. 1998. urteko uztailaren 15ean Egin egunkaria eta Egin irratia behin behinean itxi zuten, Orain S.Ako langile batzuk atxilotzearekin batera. Urtemuga beltzaren aitzakian Sorturen Iratzar Fundazioak ‘Korapiloa’ elkarrizketa sortaren baitan Josu Barandikari egindako hizketaldiaren pasarte hauek ekarri nahi ditugu lerrootara.

Lehen bideoan Josu Barandikak EGIN egunkariaren sorrera prozesuari buruz hitz egiten digu. EGIN-en ideiaren sorrera 1976ko udaberrian sortu zen eta abendurako lehenengo 21 bazkide fundatzaileak lortu ziren, lurraldeka honela banatuta: 5 fundatzaile Nafarroatik, 4 Arabatik, 6 Gipuzkoatik eta beste 6 Bizkaitik. Hain zuzen ere, Josu Barandika izan zen Bizkaiko fundatzaileetako bat, 35-40 pertsonez osatutako talde baten laguntzarekin milioi bat pezeta batzea lortu zuen. Ordukoak ditu gogoan bideoan,


Ondoko bideoan, aldiz, Barandikak 1977ko otsailean abiatu zen ‘Kontu partaideak’ lortzeko kanpainari buruz hitz egiten digu; zeinaren helburua bataz beste 2000 pezeta jarriko zituen 30.000 partaide lortzea zen, guztira 60 milioi pezeta lortzeko. Modu honetara, egunkariaren proiektua ekonomikoki laguntzeaz gain, proiektua bera jendartean zabaltzea ere izan zen xedea.

Horrela, herrietan asanblada informatibo ezberdinak burutu ziren, ‘Egin ahotsik gabekoen ahotsa’ kanpainak babes zabala jaso zuelarik.