
Sortuk performancea egin du gaur goizean EAJren Bilboko egoitzaren aurrean. Subiranotasuna aldarrikatu du, larrialdi klimatikoari aurre egiteko beharrezko tresnak eskuratzeko.

Trajez jantzitako hainbat lagun iritsi da, maskarak jantzita.

Nazioarteko gailurretan agintariek egiten dutenaren antzera jokatu dute.

Garaipenaren keinua egin dute eta multinazionalen, bankuen, AHTren gisako egitasmoen eta EAJ, PSOE eta PPren logoak erakutsi dituzte.

Zenbait gaztek berdez margotu ditu trajedunak, sistema kapitalistaren hondamendia gaitzesteko.

Globo urdinarekin planetaren etorkizuna ziurtatuko duen bertzelako eredu bat irudikatu dute.

Eredu «produktibista eta kontsumista» seme-alaben geroa hipotekatzen ari dela ohartarazi dute.

EAJri zuzenduz, Petronorren gisako enpresek eragiten duten kutsadura aurpegiratu dio Sortuk.
Sorturen ekintza, kapitalismoaren aurka eta trantsizio ekologikoaren alde
Gaur egungo eredu «produktibista eta kontsumistak» zer hondamen dakarren irudikatu du Sortuk Sabin Etxearen aitzinean, Bilbon. «Proposamen antikapitalistak» oinarri hartuta, trantsizio ekologiko bat egitea eskatu du. «Ez du balio klima aldaketaren aurkako bandera altxatu eta erraustegiaren eta AHTren gisako proiektuak bultzatzen jarraitzeak», gaitzetsi du alderdi independentistak.
19 SET. 2019


