Bi urtez behin egin ohi duten moduan, ‘Jentilen etorrera’ eskaini zuen atzo Ataungo herriak. Torto begibakarra, Sanmartintxiki, Basajaun, Zezengorri, Sugaar, jentilak eta sorginak… ibili ziren kalean eta pilotalekuko eszenarioan. Izaki hauek «direnik ez da sinistu behar, baina ez direnik ere ez da esan behar», ikuskizuneko pasarte batean esan zuten moduan. Joxemigel Barandiaran, Joxe Arratibel eta Joan Arin ikertzaileek jasotako kondairetan oinarritzen dira biurteroko ikuskizun hauek, beti ere euskal mitologiaren ingurukoak. Ume eta heldu, lau belaunalditako ehun ataundarretik gora aritu ziren garai batean sukalde bazterretan kontatzen eta entzuten ziren ipuinetako mundu hura irudikatzen. Kaleko argiak itzali, argi-suziak piztu, eta han abiatu ziren plazatik gora, Aralarpeko pilotalekua leporaino bete zuen koreografia eskaintzera, 1981an hasitako ohiturari eutsiz.





