1977/2024 , Otsailak 20

Beñat Zaldua
Edukien erredakzio burua / jefe de redacción de contenidos

Hautsontzi hori bat, 'Egunkaria'-n erre ez zutenaren lekuko

Duela 21 urte itxi zuten 'Euskaldunon Egunkaria', gero torturatuak izanen ziren bere arduradunak atxilotuz. Berriz ausartu ziren, zauri bat sortu zuten eta mehatxua berretsi zuten. Elkartasun uholdea ere eragin zuen, eta kazetarien konpromisoa handitu. Orduan bekadun izan berri ziren eta orain 'Berria'-ko kazetari diren Oihana Elduaien eta Igor Susaetarekin gogoratu ditugu egun haiek.

'Egunkaria'-ko langileak, itxieraren egunean Martin Ugalde parkean.
'Egunkaria'-ko langileak, itxieraren egunean Martin Ugalde parkean. (Jon URBE | FOKU)

Zaila da memoria mekanismoak aurreikustea. Ez dakigu zein objektuk, zein usainek, zein akordek ekarriko diguten azalera barruan gordeta daukaguna. Plakak eta oroitarriak inauguratzea garrantzitsua da, baina memoria intimoak, askotan, beste bide batzuk nahiago ditu. Igor Susaeta kazetariaren kasuan, hautsontzi bat da 'Egunkaria'-ren itxieraren memoriaren ibilgailua. Hautsontzi hori bat.

2003an, 'Egunkaria'-ko erredakzioan erre egin zitekeen, erretzea ofizioaren parte zela zirudien garai hartako erredakzio guztietan bezala. Susaeta aurreko udan bekadun ibili zen, eta ordurako ordezkapenak egiten zebilen, orain Kiroletan, orain Gizartean, orain Kulturan. Berekin zeraman hautsontzi hori bat, otsailaren 20 hartan zeharo ahaztu zuena, jakina. Ez zegoen lanean, Leioako campusean baizik, artean karrera bukatzen ari baitzen. Urtebete beranduago, 'Berria' martxan zegoela, itzuli zen Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkera. Erredakzioa tokiz mugitu zen, erretzaileak zokoratzen hasiak ziren kafe makinaren bueltara, baina hantxe topatu zuen hautsontzi horia. Egunkariko mantxeta aldatua zen, indarrez, baina toki hark etxe izaten jarraitzen zuen. Ez zen haririk eten.

'Egin' GARAren erredakzioan bezala, 'Egunkaria'-ren presentzia sumatu daiteke 'Berria'-n. Ez da memoria transmisio formal bat. Bekadun berriei ez zaie ongi etorria ematen iraganera begira, baina nahikoa da lankide zaharragoak apur bat ezagutzea, kafe baten bueltan 'Egunkaria' eta bere itxiera derrepentean hizketagai bihurtzeko. Zauri gisa, batzuetan, baina pasadizo bilduma aberats bezala ere bai, askotan. Horrela azaltzen dute bai Susaetak bai Oihana Elduaienek, garai hartan antzeko egoeran zegoenak eta gaur egun 'Berria'-ko kazetari izaten jarraitzen duenak.

Elduaien azpeitiarra da, eta hau ere ordezkapenak egiten zebilen 2003ko otsailean. Bere ahizpa Estitxu lankide zuen erredakzioan. Amak eman zien abisua esnatu bezain pronto, irratian entzun zuen albistea, smartphonerik gabeko garai hartan. «Eta orain zer?», galdetu zuen ahizpak. «Nola zer? Jantzi eta goazen». Martxelo Otamendik beti kontatzen du itxieraren bezperan Azpeitian hitzaldi bat eman zuela, eta etxera bueltan jazarpen nabarmenak igarri zituela. Zerbait gertatzen ari zen. Ordu gutxi batzuk beranduago, Elduaien ahizpek arrapaladan gidatu zuten errepide beretik, Andoainera bidean. «Ez dakit nola iritsi ginen bizirik».

Guardia Zibila, Martin Ugalde parkean, 2003ko otsailaren 20an. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Guardia Zibila, Martin Ugalde parkean, 2003ko otsailaren 20an. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Ordurako atxilotuak zeuden Otamendi eta beste bederatziak: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Fermin Lazkano, Inma Gomila, Luis Goya eta Xabier Alegria. «Inpotentzia, negargura, haserrea, malaletxea eta 'shock'-aren arteko nahastea», aipatzen du Elduaienek ordu haiek gogora ekartzean. «Alde egiten ikusi genituen», jarraitzen du. Jakin gabe okerrena iristear zegoela, atxilotuetako bostek torturak salatu baitzituzten, Euskal Herria zur eta lur utziz. Torrealdai torturatu bazuten, nor zegoen salbu? Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Estatu espainiarraren kontra torturak ez ikertzeagatik emandako epaietako bat Otamendiren kasuak eragin zuen.

Baldintzapeko elkartasuna

Kazetaritzaren arloan, proiektuaren jarraipena izan zen kezka nagusia atxilotuek Martin Ugalde utzi eta berehala. 'Egunero'-k egin zuen 'Egunkaria' eta 'Berria'-ren arteko katebegi lana. Orduko gazteak, aurreko udan bekadun izan berri zirenak, bigarren lerro batean egon ziren, baina nork berea ez du ahazten. Elduaien Azpeitiko elkartasun taldea dinamizatzen zentratu zen, eta Susaetak unibertsitateko mobilizazioak ditu gogoan.

Fakultatez fakultate elkartasun taldearen eta mobilizazioen berri ematen ibili zen Susaeta. Ez da gehienaz akordatzen, baina sekula ez zaio ahaztuko gaztelaniako Zuzenbideko lehenengo mailako gela batean topatu zuen irakasle baten erantzuna. Klasean sartu eta azalpenak eman zituzten, oztoporik gabe. Elkartasuna ere jaso zuten amaitzerakoan, baina baldintzapekoa, halako elkartasunik posible bada. Garaiko erradiografia ere ematen du, neurri batean, irakasle haren erantzunak: «Zuen kontzentraziora joango naiz, baldin eta zuek ETAren hurrengo hilketa kondenatzeko mobilizaziora etortzen bazarete».

Itxiera eta bi egun beranduago Donostian egin zen manifestazio erraldoiaren irudia. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Itxiera eta bi egun beranduago Donostian egin zen manifestazio erraldoiaren irudia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Zauri baten arrastoa

Hilabete batzuk beranduago, biak zeuden bueltan Martin Ugaldeko erredakzioan, eta bertan egin dute bidea urte hauetan guztietan. Zer arrasto utzi zuen itxierak? Antzeko erantzuna daukate biek ala biek. Batetik, mehatxua, ausartu daitezkeela egiaztatzeak sortzen duen mamua. Bestetik, konpromisoa.

Elduaienek jartzen dizkio hitzak: «Kazetaritza egiteak, eta euskaraz egiteak, ardura bat bazekarren itxi aurretik ere. Konpromisoa existitzen zen, baina jaso genuen kolpearekin lehenengo, eta jaso genuen babes itzelarekin gero, handitu baino ez zen egin konpromiso hura: gure betebeharra kazetaritza egiten jarraitzea zen».

Jabier Salutregi ‘Egin’-eko azken zuzendaria, ‘Egunkaria’ itxi zuten egunean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Jabier Salutregi ‘Egin’-eko azken zuzendaria, ‘Egunkaria’ itxi zuten egunean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Honi buruzko guztia: 2003