1977/2024 , Otsailak 20

Beñat Zaldua
Edukien erredakzio burua / jefe de redacción de contenidos

Filipe Bidart, Estatu baten obsesioa azalarazi zuen atxiloketa… eta argazkia

Otsailaren 20 batean, 1988an, atxilotu zituen Jendarmeriak Filipe Bidart eta Iparretarrak erakundeko beste lau lagun, horietako bi tiroz zaurituz. «Etsai publiko nagusi» zen garaian Bidart, eta horrela ikusarazi zuen bost urte beranduago, Poitiers-eko epaitegian.

Filipe Bidart, Poitiers-eko epaitegietan 1993an, garaiko argazki ikoniko batean.
Filipe Bidart, Poitiers-eko epaitegietan 1993an, garaiko argazki ikoniko batean. (Bob EDME | EGIN)

Estatu frantsesak «etsai publiko nagusi» bezala aurkezten zuen Filipe Bidart atxilotu zuen, gaurkoa bezalako egun batean, 1988an. «Garai baten amaiera, ziurrenik», aldarrikatu zuen Jean-Pierre Destrade diputatu sozialistak. Mitterrand presidenteak berak zorion mezu bat helarazi zion Poliziari, eta Segurtasun ministro Robert Pandraud Baionara mugitu zen.

Bokalen atxilotu zituen Jendarmeriako talde berezi batek Bidart eta beste lau lagun, Iparretarrak erakundearen kontrako operazioan: 'Totte' Etxebeste –larriki zaurituta, operazioan bi tiro jaso eta gero–, Pierre Aguerre –zaurituta hau ere–, Pierre Lascaray eta Jean Paul Hiribarren.

Albiste honekin batera argitaratzen den Bidarten argazki ikonikoa, ordea, bost urte beranduagokoa da, 1993ko apirilaren 9koa. Poitiers-en atera zioten, poliziaz inguratua, atrako bategatik epaitua izatera eraman zutenean. Bob Edme argazkilariak atera zuen Euskal Herrian hedapen handia izan zuen argazki seriea. «Ez naiz terrorista, euskal militante bat naiz», aldarrikatu zuen epailearen aurrean.

1982an izan zen Poitiers-en epaitutako lapurreta hori eta gero, Bidart klandestinitatean bizi izan zen sei urtez, Bokalen atxilotua izan arte. 'Egin'-ek soslai labur bat eskaini zuen hurrengo eguneko egunkarian, «Historiko bat» izenburuarekin, bere ustezko ibilbidearen hainbat mugarri aipatuz.

1982ko otsailean, Baigorrin gertatutako bi CRS-ren heriotzan parte hartzea leporatu zion Poliziak. Urtebete beranduago, 'Popo' Larre desagertu zen Landetako tiroketan parte hartzea ere egotzi zioten. 1986an, Paueko kartzelako ihesaldi ikusgarri baten buru izan zen, jendarmeen arabera hori ere. Gabi Mouesca eta Maddi Heguy IK-ko militanteak aske geratu ziren ekintza ausart horren ondorioz.

Argeles-Gazost eskualdean Poliziak inguratuta omen zeukan 1986 hartako uztailean, Pirinioetan, baina orduan ere ihes egitea lortu zuen, legenda handituz eta frantsesen amorrua areagotuz. Horregatik, agian, bi urte beranduago, azkenik atxilotu zutenean, horrela ireki zuen 'Egin'-ek hurrengo eguneko azala: «Poliziaren euforia, Bidart atxilotu eta gero».

Honi buruzko guztia: 1988