Maider Iantzi
Donostia

‘Bakea gudan’, Unamunoren filosofia Azurmendiren begietatik

Miguel de Unamunoren (Bilbo, 1864- Salamanca, 1936) ‘Paz en la guerra’ nobelaren irakurketa filosofiko bat kaleratu du Txalapartak, Joxe Azurmendik idatzia eta Joseba Sarrionandiaren hitzaurrearekin.

Joxe Azurmendi, liburuaren aurkezpenan. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Joxe Azurmendi, liburuaren aurkezpenan. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Joseba Sarrionandiak ‘Bakea gudan: Unamuno, historia eta karlismoa’ lanaren aitzin-solasean dioenez, lehenengo eta behin, ‘Paz en la guerra’ nobela on bat da. 1897an kaleratu zen -zaila da zehaztea Unamunok noiz idatzi zuen-, eta gustura irakurtzen da oraindik. Testimoniala eta zer pentsatu ematen duena da, errealista eta lirikoa. Oroiminezkoa, ume-denborarekin batera galduko den gizartearen lekukotasuna. Historikoa eta politikoa. Enpatia ahalegin eta gizartearen ulermen saio eredugarria gaur eguneko irakurlearentzat ere.

Sarriren arabera, Joxe Azurmendik ongi azaltzen du Unamuno, «pertsonaiak berak egingo lukeen baino hobeto, agian, elementu eta baliabide intelektual gehiago dituelako hark baino eta, batez ere, denboraren abantaila. Baina sobreinterpretaziorik gabe, pertsonaiak berak ametituko lukeen moduan eta ez, hain ohikoa denez komentarista askoren aldetik, ideiak desitxuratuz».

Bere kontraesanetan ulertu

Joxe Azurmendik gaurko aurkezpenean argitu duenez, ‘Paz en la guerra’ nobelaren inguruan egindako tesi espainolistak «faltsifikazio bat» dira. Bere kontraesanetan ulertu behar da Unamuno eta, batez ere, bere faseetan. Nazionalista euskaldun bezala hasi zen idazlea. Hala aitortu du berak: «Bere ezagutza ideologiko gehiena nik eman nion Sabinori, eta euskararen agoniari buruzko nire hitzaldia handia izan zen».

Unamunok beti exajeratzen zuela ohartarazi du Azurmendik. Sarrik adierazi bezala, «lotsarik gabe, baina ez arrazoirik gabe. Ad contrario, batez ere, behin eta berriz arbuiatu zuelako euskal nazionalismoa».

Bigarren fasean, positibismo ingelesa eta Herbert Spencerren biologismoa ezagutu zituen. Horrekin, gizadiaren historiaren filosofia bat garatu eta karlistadak interpretatu zituen, ‘Paz en la guerra’-n agertzen den bezala. Azurmendiren iritziz, liburu hori Euskal Herriaren filosofia bat da, baita Espainiarena ere.

Gero marxismo edo sozialismo modu batera pasatu zen filosofoa. Baina azkenik konbertitu egiten zen era erradikalean. Positibismoa, sozialismoa eta ateismoa baztertu, eta preexistentzialista edo existentzialista egin zen. «Hau da obra handi bat utzi duen Unamuno, eta Unamuno interesgarria ere hau da», nabarmendu du Zegamako idazle, filosofo eta irakasleak.

Orduan, positibista bezala euskal abertzaletasuna kritikatzeko eduki zituen arrazoiek jada ez zioten balio. Alderantziz. Izan zuen eboluzioa aztertuz, logikoa izan balitz, beste jarrera batzuk defendatuz bukatu behar zuela pentsatzen du Azurmendik. Agertu duenez, beharbada egin zuen sentimenduen mailan, bere Hendaiako testuak sentimental abertzale batenak dira berriro, baina pentsamendu hori garatu idatziz ez zuen inoiz egin.

Hori gerraondoko euskal pentsalariek egin dute Unamuno irakurriz: Salbatore Mitxelenak, Txillardegik, Txabi Etxebarrietak eta Joxe Azurmendik berak.