NAIZ.INFO
DONOSTIA

Termikaren lurren jabetza publikoa izatea eskatu dute Lezok eta Pasaiak

Pasaiako zentral termikoak betetzen duen lur eremua «publikoa» izatea eta haren etorkizunaren gainean herritarrek erabakitzea eskatu dute Lezo eta Pasaiako alkateek. Hurrengo hilabeteotan itxiko du Iberdrolak zentral hura.

Ainhoa Zabalo eta Amaia Agirregabiria, Lezo eta Pasaiako alkateek, prentsaurrekoa eman dute Donostian. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)
Ainhoa Zabalo eta Amaia Agirregabiria, Lezo eta Pasaiako alkateek, prentsaurrekoa eman dute Donostian. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)

Amaia Agirregabiriak eta Ainhoa Zabalok, hurrenez hurren Pasaia eta Lezoko alkate direnek, agerraldia egin dute Donostian Iberdrolak Pasaian duen zentrala ixteko erabakiaren inguruko balorazioa egiteko.

Agirregabiria eta Zabalo pozik agertu dira Iberdrolak 1967. urtetik martxan dagoen zentral hura itxi egingo duelako, «oso zaharkitua» baitago.

Hala ere, «errespetu faltarekin» jokatzea leporatu diote aipatu enpresari, bertako arduradunak Lezo eta Pasaiako Udalekin kontaktuan jarri ere egin ez direlako. Era berean, alkate abertzaleek dei egin diote Iberdrolari «erantzukizunez» joka dezaten eta zentraleko beharginak errespeta ditzaten.

Zabalok eta Agirregabiriak egun termikak erabiltzen dituen lur eremuak deskutsatu eta gero, beren jabetza publikoa izatea eskatu dute, Lezo eta Pasaiako herritarrek «erabaki dezaten zer egin beraiekin».

Bestalde, EAJ, PP zein PSEk defendatzen duten eredua «agortuta» dagoela nabarmendu dute, eta «eraikitzaile handien interesak lehenetsiko» ez dituen eredu alternatibo baten inguruan hausnartzeko gonbitea egin.

Azkenik, Pasaiako alkateak dei egin die Iberdrolari eta erakundeei, zentrala ixteko pausuak «denon artean» eta modu «koordinatuan» eman ahal izateko.