ARANTXA MANTEROLA
BAIONA

Batera: «Lurralde elkargoa proposatzean basamortuan ginen, orain gori-gorian dago eskaria»

Lurralde elkargoaren proposamenak hautetsien artean jaso duen adostasunetik harago, euskal gizartearen eskaera ere badela erakusteko adierazpena onartu nahi du Baterak irailaren 29an Baionan antolatu dituen jardunaldietan.

Bateraren agerraldian Paxkal Indo, Nikolas Blain, Martine Bisauta, Jakes Bortairu eta Mixel Behorkoirigoin. Gaizka IROZ / ARGAZKI PRESS
Bateraren agerraldian Paxkal Indo, Nikolas Blain, Martine Bisauta, Jakes Bortairu eta Mixel Behorkoirigoin. Gaizka IROZ / ARGAZKI PRESS

Baterak prentsaurrea eman du goizean Baionan. Irailaren 29an, 14.30ean Baionako Merkataritza eta Industria Ganberan ‘Euskal Herriko Jardunaldiak’ antolatu ditu Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoa batuko lukeen lurralde elkargoaren eskakizuna plazaratzeko. Azken hilabeteotan gori-gori dagoen gaia da, batez ere Estatu mailan Dezentralizazioaren legearen prestakuntza abian delako.

Jardunaldiokin Baterak nahi du gizarte zibilaren ahotsa ere Parisen entzunaraztea. Horrela, lurralde elkargoaren proposamenak hautetsien artean jaso duen adostasunatik harago, euskal gizartearen eskaera dela ere islatzeko, deklarazio bat atera nahi dute Jardunaldietatik. Deklarazio hori Estatuko goi mailara igorriko lukete. Horregatik nahi dute interesa duten guzti-guztiak, izan hautetsi, eragile sozial edota herritar soil, parte hartzea jardunaldi horietan.

Baterakoak baikorrak dira egindako lanak fruituak eman dituelako eta eskakizuna une ezin egokiagoan planteatzen delako. «Ipar Euskal Herria aitortua izateko lurralde elkargoa proposatu genuenean basamortuan ginen eta orain gori-gorian dagoen eskaera da», esan du Martine Bisautak. Halere, «inozoak» ez direla gaineratu dute baina beste lurraldeetan (Altsazia, Korsika, Bretaina) egiten ari diren proposamenak kontuan hartzen ari direlarik, «ulertezina» litzateke Ipar Euskal Herria ez entzutea, Bateraren arabera.

Nabarmendu dute lan asko geratzen dela egiteko, besteak beste, zer antolakuntza izango lukeen, zein politika fiskala, zer ordezkaritza, hauteskunde sistema, zer harremanak gainerako instituzioekin eta, batik bat, prozesu hori aurrera eramateko metodologia, Ipar Euskal Herriaren eragileen parte hartzea eta segimendua beharko lukeena.