NAIZ.INFO
DONOSTIA

Gizon bat atxilotu dute Donostian, bikotekidea jotzea egotzita

Ertzaintzak 32 urteko gizonezko bat atzeman du Gipuzkoako hiriburuan, bikotekideari eraso egitea leporatuta.

Lakuako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, Intxaurrondoko auzoan jazo da gertakaria, gauerdi aldera. Emakumeari eraso egin ondoren, ez dio etxetik irteten utzi eta bertaratu diren ertzainei ere sarrera galarazi die. Suhiltzaileen laguntza behar izan dute etxera sartzeko.

Etxera sartzea lortu dutenean, emakumearen ile-xerloak eta odol zantzuak aurkitu dituzte poliziakideek.

Emakumeak ere zauriak zituen eta anbulantzian eraman dute erietxera.

Gizonezkoa atxilotuta eraman dute genero indarkeria delitu bat leporatuta eta gaur bertan utziko dute epailearen esku.