Beñat Zaldua
Iruñea

25 urte eta 11 borroka

Asteburu honetan Askapenak bere 25. urteurrena ospatuko du Altsasun, atzera eta aurrera begiratzeko une ezin hobea. Mende laurden batean egindakoa aztertu eta internazionalismoak gaur egun aurrean dituen erronkak neurtzeko momentua.

Askapenaren hastapenak Gasteizen. (Edurne Agirre/ASKAPENA)
Askapenaren hastapenak Gasteizen. (Edurne Agirre/ASKAPENA)

25 urte, hamaika herri, hamaika borroka eta mila brigadista baino gehiago munduan zehar herrien arteko elkartasuna zabaltzen. Askapenaren mende laurdeneko ibilbidea ez da makala eta behar bezala ospatu nahi dute asteburu honetan Altsasun, ekitaldi, bazkari eta kontzertuz osatutako ospakizunean.

Baina festaz gain, urteurrenak hausnarketarako une egokia dira ere, atzera eta aurrera begiratzeko aukera ematen dutenak. Izan ere, mundua asko aldatu da azken 25 urte hauetan, baita internazionalismoaren erreferenteak: Nicaragua sandinistatik XXI. mendeko sozialismo venezuelarrera, Sahara, Palestina eta Europako herri eta nazioak ahaztu gabe.

Hala baieztatzen du Askapenako kidea den Julen Zulaikak. Baina, bere aburuz, erreferenteen aldaketa edo eboluzioak ez du internazionalismoaren funtsa aldatu. Duela 40 urte mundu mailako elkartasuna mugiarazi zuena Vietnam izan zela azaldu du; azken urte hauetan Palestina izan den moduan, «baina oinarriak berdinak dira». «Herri zapalduok eta herri langileok etsai berbera dugun heinean, elkarrekin batzearen beharra berdin mantentzen da», dio Zulaikak.

Hori izan baita beti internazionalismoaren funtsa: herrien arteko elkartasuna bultzatzea, hemengoek hangoa ezagutzeko eta alderantziz. Dena den, gauzaren bat aldatu dela onartu du Zulaikak: «Espezifikotasunera jo dugu, brigada orokorrak antolatu ordez, gai zehatzak lantzen saiatzen gara». Adibide bezala, Argentinako fabrika berreskuratuak edo Venezuelako demokrazia partehartzailea.

Etorkizunera begira, hemendik 25 urtera Askapena «ez existitzea» espero duela dio Zulaikak: «Horrek esan nahiko luke euskal eragile politiko, sindikal eta herritarrek internazionalismoa bere egin izango luketela eta ez legokeela antolakunde internazionalista baten beharrik lan horiek egiteko». «Gure helburua, azken batean, ez da Askapenak berak internazionalismoa lantzea, Euskal Herria internazionalista bat lortzea baizik», gehitzen du.

Bide horretan, urteurrenarekin batera euskal eragileei zuzendutako adierazpen internazionalista bat aurkeztuko dutela aurreratu du Zulaikak, «ahalik eta eragile gehienek berea egin dezaten internazionalismoa». Xehetasun gehiago asteburutik aurrera.