Iñigo Zapirain
Jaialdiko antolatzailea

Ibarratik (Gipuzkoa) Belfastera joan zen 24 urterekin, ingelesa ikasi eta denboraldi motz bat pasatzeko asmotan. Azkenean egonaldi hori 10 urtez luzatu da, horietatik 8 Londresen pasa ditu eta bertan osatu du familia –bi haur ditu, 3 hilabete eta 2 urte eta erdikoak–. Ikasketak eta bikotekidearen makrobiotika negozioarekin uztartzen du euskal elkarteko idazkari lana. Euskal Herriaren Lagunak taldeko kidea ere bada eta azaroaren 24ko elkartasun jaialdiko antolakuntzan murgildurik ibili da azken hilabeteetan.

«Sakabanaketaren kostuei aurre egiteko dirua biltzea da helburua»
Manex Altuna|LONDRES|2012/11/21
Inigo_zapirain
Londresen dauden euskal preso politikoek oso baldintza gogorrak pairatzen dituzte, segurtasun neurriak izugarriak dira.
Jaialdi honen helburu nagusia sakabanaketaren kostuei aurre egiteko dirua biltzea da. Etekinak britainiar espetxeetan dauden presoen bisita gastuei aurre egiteko erabiliko dira.
Iheslarien aurkako ehizarekin bukatzea eskatzen dugu eta estradizioak ez onartzea

Nola bururatu zitzaizuen euskal preso politikoen aldeko jaialdi bat antolatzea Londresen?
Ingalaterra, Eskozia eta Irlandan bost euskal preso politiko zeudela ikusita –gaur egun sei dira– zerbait egitearen beharra ikusi genuen, preso hauei gure elkartasuna adierazteaz gain sakabanaketak suposatzen duen odoluste ekonomikoari aurre egiteko. Hainbat ideia genituen buruan eta azkenean elkartasun jaialdia egiteak hartu zuen pisu gehien. London Basque Solidarity System bezela bataiatu genuen. London Basque, hemen egingo den arren Euskal Herriarekin lotura zuzena duelako, Solidarity, elkartasuna duelako helburu, eta Sound System, musika izango delako eguneko protagonista.

Zein da preso horien egoera gaur egun? zein baldintzatan bizi dira?
Baldintza oso gogorrak pairatzen dituzte batzuek eta beste batzuek ez hainbeste. Londresen daudenak esaterako, Belmarsh izeneko segurtasun haundiko espetxean daude, The Unit izeneko moduloan. Europako Guantanamo bezala ezagutzen da eta espetxe horretako barne araudia eta segurtasun neurriak oso zorrotzak dira. Bisita bat lortzeko egin beharreko gestioa oso konplikatua izaten da. Polizia zure etxera etortzen da, galdeketa egin eta horren ondoren erabakitzen dute onartzen duten. Horrela bada, presoei bisitatu aurretik igaro beharreko segurtasun neurri guztiak surrealistak dira: arku detektagailua, raketa detektagailua, miaketa, belarrietan eta ahoan begiratzen dizute, oinutsik jarri eta hankak erakutsi behar dizkiezu, erropako izkin guztiak miatu, zakurrek usaitzen zaituzte. Horren ondoren autobus bat hartu behar da, kartzelaren barruan dagoena beste kartzela bateraino. Guzti hau egin behar da azkenean presoa 45 minutuz, itzultzaile batekin eta gehienetan kristal baten bidez ikusteko.

Eskozian dagoen Beñat Atorrasagastik aldiz, egunero du bisita izateko eskubidea, eskutitzak email bidez jaso edo bidali ahal ditu eta segurtasun neurriak ez dira hain zorrotzak.

Denek dute estraditatuak izateko arriskua, dena den, azken urteetan kasu batzuk irabazi dira, Garikoitz Ibarluzea edo Arturo Villanuevarena, adibidez. Ez da erraza izango baina saiatuko gara estradizio eskaera horiek gelditu edo gutxienez ahalik eta gehien atzeratzen.

Joan den astean beste euskal herritar bat atxilotu zuten Liverpoolen, zer esaten dute hango komunikabideetan?
Guk komunikabideen bidez izan dugu Raul Fuentesen atxiloketaren berri. Oihartzun haundia izaten dute horrelako atxiloketek hemengo komunikabideetan eta hori da, hain zuzen ere, Gobernu espainiarrak bilatzen duena atxiloketa hauekin. Azken finean, prentsa titularrak nahi dituzte beraien inmobilismoa justifikatzeko. Belmarsheko espetxean dagoela dakigu, bertan dagoen Kemen Uranga preso politikoarekin hitz egiteko aukera izan dugu eta ondo dagoela esan digu, bertako lau euskaldunak modulo berean daude. Ez dakigu atxiloketa unea nolakoa izan zen baina zorionez herrialde honetan ez dute torturatuak izateko arriskurik, poliziaren tratua ona izan da orain arte atxilotuak izan diren euskal herritar guztiekin.

Zenbat jende aritu da jaialdiaren antolaketan? Euskaldun ugari dago Londresen, euskal etxe bat ere badago-eta funtzionamenduan.
Esku bateko behatzekin konta gaitezke antolakuntza lanetan ibili garenak, denbora eta esfortzu asko inbertitu dugu honetan, baina batez ere ilusioa. Gu ez gara promotora bat, ez dugu inongo erakunderen laguntzarik, oso baliabide gutxi ditugu, baina elkartasuna helburu erronka polit hau aurrera aterako dugu.

Londresen euskaldun ugari dagoela egia da eta gero eta gehiago direla esango nuke nik. Krisia dela-eta asko dira atzerrira etorkizun hobeago baten bila joateko hautua hartzen dutenak eta Londresen ere hori nabari da.

Euskal etxe fisikorik ez badugu ere, bulego xume bat dugu. Dena den, argi utzi behar dut, elkartasun jaialdi honek ez duela euskal elkarteak antolatzen, arlo kulturala eta politikoa banatzen saiatzen gara. Alde batetik euskal elkartea dago eta bestetik Euskal Herriaren Lagunak.

Zeintzuk dira jaialdi honen helburuak?
Lehen aipatu dudan bezala helburu nagusia sakabanaketaren kostuei aurre egiteko dirua biltzea da. Beraz, etekinak britainiar espetxeetan dauden presoen bisita gastuei aurre egiteko erabiliko dira. Jaialdi honek ondo pasatzeko egun bat izateaz gain aldarrikapen eta protestarako eguna ere izan behar du. Gobernu espainiarrari euskal iheslari politikoen aurkako ehiza bertan behera uzteko eta Gobernu britainiarrari estradizio eskaera hauek ez onartzeko exigitu behar diegu. Inaki Lerinek, Antton Troitiñok, Kemen Urangak, Beñat Atorrasagastik, Fermin Vilak eta Raul Fuentesek Britainia Handian, Eskozian eta Irlandan bizitzeko duten eskubidea errespetatzeko eskatzen dugu.

Jonathan Powell, Tony Blair-en kabinete burua izandakoa egun hauetan Aieteko edukietan sakontzeko lanean ari den bitartean, Gobernu espainiar zein britainiarra bake prozesuari oztopoak jartzen ari dira. Atxiloketa hauek ondo kalkulatuak eta helburu politiko argiekin burutzen dituzte. Alferrik dabiltza ordea, beraien estrategia errepresiboak iraungintze data dauka eta hori Euskal Herrian zein nazioartean egiten dugun presioari esker iritsiko da.

Musika taldeak, bertsolariak, Txan magoa... nola lortu duzue hainbeste artista Londresera eramatea?
Hori izan da agian gauzik «errezenetakoa». Egia esan, hasieratik gonbidatu guztiek izan duten jarrera txapela kentzeko modukoa izan da. Jakin badakigu beraientzako horrelako zerbaitetan parte hartzeak esfortzu ekonomiko zein humano handia suposatzen duela. Eskaintzen genituen baldintzak oso erakargarriak ez baziren ere, gonbidapena luzatu diegun talde guztiek eman digute baiezkoa. Beste asko kanpoan geratu dira, zoritxarrez denentzako lekurik ez dagoelako. Bihotzez eskertu nahi dugu beraien eskuzabaltasuna, azken finean, beraien konpromisorik gabe ez zelako hau posible izango. Ez al da harro egoteko modukoa gure herriko talde ezagunenetarikoak horrela inplikatzea euskal presoen alde? Guk baietz uste dugu.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK
LOTURAK