Ariane KAMIO
Durango

Euskal kulturaren leihoa zabaldu du berriro Durangok

Durangoko Azoka zabalik dago dagoeneko. Aiert Goenaga zuzendariak eta Unai Rodriguez Kale Dor Kayiko taldeko ijito euskaldunak ireki dizkiete Landakoko ateak zain zegoen jendetzari. Zazpi guneetan banatuta, 300 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte gaurtik igandera bitarte. Krisiaren mamua zelatan ibiliko bada ere, urteroko hitzorduak ez dio uko egiten euskal kulturaren topagune nagusi izaten jarraitzeari. Benito Lertxundik jasoko du Argizaiola saria.

Azokako arduradun eta hainbat agintari, inaugurazio ekitaldian. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Azokako arduradun eta hainbat agintari, inaugurazio ekitaldian. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Azken egunetako prestaketa lanak amaituta, Durangoko Disko eta Liburu Azoka abian da. Gaurtik igandera bitarte, euskal kulturaren topagune nagusi izango da berrogeita zazpigarren urtez.

Goizeko 10.30etan ireki dituzte ateak Aiert Goenaga zuzendariak eta Unai Rodriguez Kale Dor Kayiko taldeko ordezkariak. Azken honek hitz gutxi batzuk egin ditu, euskaraz. Ijito euskalduna dela esan du eta beretzat euskal kultura oso garrantzitsua dela. «Asko ikasi dut», erantsi du. Ondoren, Landako guneko ateak zabaldu dituzte, zain zegoen jendetzarentzat.

Eguerdian, berriz, ekitaldi ofiziala egin dute, erakundeetako agintariekin. Han izan dira Aitziber Idigoras Durangoko alkatea, Bizkaiko Kultura diputatu Josune Ariztondo, Blanca Urgell Lakuako jarduneko Kultura sailburua, Gasteizko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano eta Kale Dor Kayiko elkarteko lehendakari Manuel Vizarraga, besteak beste.

Guztiek Azokara joateko deia egin dute, «euskal kulturaren urteroko ezinbesteko hitzordura».

Zazpi guneetan banatuta, 300 ekintza baino gehiago ditu aurten Azokak. Talde desberdinen arteko elkarlanetik eratorritako ondorioa da aurtengo egitarau oparoa.

Hala nabarmendu zuen aurkezpenean Gerediaga Elkarteko Nerea Mujika presidenteak eta Aiert Goenaga Azokako zuzendariak. «Aurten inoizko egitaraurik zabalena lortu da elkarte eta talde ezberdinen arteko elkarlanari esker».

Aurten lehen aldiz esku hartu dute Berbaro Elkarteak, San Agustin Kultur Guneak, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak, Ahotseneak, Topaguneak, Plateruena Kafe Antzokiak eta Goiena Komunikazio Taldeak koordinazio batzarrean eta haien arteko lanetik sortu dira Areto Nagusia, Saguganbara, Ahotsenea, Irudienea, Plateruena, K@bia, Szenatokia eta Azoka TV.

Kultura ijitoa izango da aurtengo gonbidatu nagusia.

Kirisari aurre

Durangoko Azokak hausnarketa estrategikoari ekin zion duela hiru urte. Kulturgintzako agente guztiek hartzen dute parte prozesu horretan, galdera nagusi bati erantzuteko xedearekin: nolakoa izan behar du XXI mendeko azoka? Besteak beste, garbi ikusi dute dagoeneko Durango, liburuentzako eta diskoentzako bakarrik ez, euskal kulturako bestelako formatu eta diziplinentzako ere plaza izan behar dela, eta horretarako jaio ziren iaz Kabia, Irudienea eta Eszenatokia. Aurten sendotuta eta egonkortuta datozkigu, etorkizunean sor daitezkeen gune berrietarako oinarri bilakatuta.

Durangok ere igarri du krisiaren eragina, hasteko eta behin parte-hartzaileen kopuruari dagokionez, aurten hogei bat salmahai gutxiago aurkituko baititugu. Iraupenean ere bai, egun bat laburragoa izango da-eta. Produktu berrien aurkezpenak ere gutxiago izango dira, baina hala ere denetarik, eta kalitatekoa, aurkituko dugu Landako beteko duten postuetan.

Lertxundik, Argizaiola; Basterretxeak, kartela

Durangoko Disko eta Liburu Azokarekin izan duen harreman «estua» eskertu aldera, Benito Lertxundik jasoko du gaur gauean Argizaiola saria.

Azokan «erreferente» izan da Orioko musikaria eta berak jasoko du saria ekitaldi «berezi» batean.

Eta Benito Lertxunditik Nestor Basterretxeara. Sortzaile bermeotarra izan da aurtengo kartelaren egilea. Azken urteetan lehiaketa bidez aukeratu izan da kartela baina aurten lehengo ohitura berreskuratu nahi izan dute. Izan ere, garai batean Durangaldeko artista bati eskatzen zioten kartela eta aurten euskal artista bati egin diote enkargua.

Basterretxeak aitortu zuenez, beretzat «ohorea» izan da enkargua jasotzea, azokak berak bere ekarpenak baino «garrantzia handiagoa» duelako.

Durangoko Azokatik at, irekita dago, aurten hamazazpigarrenez, artisauen Euskal Denda. Berritasunez blai ireki zituen atzo ateak. Hogei artisau berrik salmahaia ezarri dute aurtengo azokan. 56 saltoki izango dira guztira Euskal Herriko zazpi lurraldeetatik etorriak.

Durangoko Disko eta Liburu Azokari buruzko informazio osoa, NAIZeko Agendan.