Gotzon ARANBURU
DURANGO

Krisian ere indartsu

Durangoko Azokaz aritzean ohikoa da zenbakiak erabiltzea: honenbeste stand, hainbeste aurkezpen, hainbat mila bisitari… Bada, zenbaki berriak eskaintzeko moduan gaude: Aiert Goenaga zuzendariak bi mugikorren bateriak husteko behar duen denbora egun bakar bat da, eta irailetik hona galdu dituen kiloak, sei.

Landako gunea, Azoka aurreko egunetan. (Gotzon ARANBURU)
Landako gunea, Azoka aurreko egunetan. (Gotzon ARANBURU)

Jo eta ke ari dira langileak astelehen goizean Landako eraikinean. Hau neurtu, hura josi… Taladroen eta zerren hotsa etengabe entzuten da, eta poliki poliki itxura hartzen ari dira standak. Liburuak eta diskoak iristen direnerako dena prest eta garbi egongo da, baina orain ez da giro. Kanpoaldean, garabi batek lagundurik, eraikineko aurrekaldea kartel itsasgarri erraldoirekin estaltzen ari dira errotulazio enpresa bateko beharginak.

Erreminta eta langile artetik azaldu da Aiert Goenaga, azokaren zuzendari gaztea, hitzartutako ordurako. Dagoeneko elkarrizketa bat eskaini du eta gurekin bukatutakoan beste bat dauka zain. Erritmo latza darama egunotan –baita bere lan taldeak ere– baina ez zaio nekerik nabaritzen, ez behintzat galderak erantzutekoan, luze eta zabal aritu baita. «Egunotan» esan dugu, baina zuzenagoa litzateke «hilabeteotan» esatea, irailetik hona mugikorrak sutan baitauzka, orduan hasten delako azokan izena emateko epea. «Gauean betetzen ditut bateriak eta ozta ozta irauten didate hurrengo eguna. Kargadorea soinean ibiltzen dut, beharko» dio irrifartsu. Pisua ere galdu du azken hiru hilabeteotan. Langileen arduradunak gela bateko giltza eskatu dio, beste batek itsasgarriak arratsalderako jarrita egongo direla agindu dio. Txoko bat bilatu dugu lasai antzean hitz egiteko.

Durangoko Azokak hausnarketa estrategikoari ekin zion duela hiru urte. Kulturgintzako agente guztiek hartzen dute parte prozesu horretan, galdera nagusi bati erantzuteko xedearekin: nolakoa izan behar du XXI mendeko azoka? Besteak beste, garbi ikusi dute dagoeneko Durango, liburuentzako eta diskoentzako bakarrik ez, euskal kulturako bestelako formatu eta diziplinentzako ere plaza izan behar dela, eta horretarako jaio ziren iaz Kabia, Irudienea eta Eszenatokia. Aurten sendotuta eta egonkortuta datozkigu, etorkizunean sor daitezkeen gune berrietarako oinarri bilakatuta.

Hausnarketa prozesu hau aipatuta, ezinbestekoa da euskal kulturaren atomizazioaren arazoa aipatzea, eta horretan oso ideia garbiak dauzka Aiertek: «Elkarte eta norbanako asko ari gara euskal kulturgintzan, eta sarritan ez dugu elkarren berri; horrek indarrak xahutzera garamatza. Gure ustez hori konpondu beharra dago, eta etxetik hasi gara. Durangoko Azoka beti izan da parte-hartzailea eta elkarlanekoa, baina aurten beste jauzi bat eman dugu, aurreneko aldiz koordinazio mahaia osatuz gune ezberdinetako antolatzaileekin. Hor esertzen gara eta elkarren berri izaten dugu; ekarpenak jasotzen ditugu eta sor daitezkeen arazoak guztion artean konpontzen» dio Aiertek.

Aipatu auzolana noizbait baldin bada bereziki beharrezkoa, egungoa bezalako krisi garaietan da. Durangok ere igarri dio, hasteko eta behin parte-hartzaileen kopuruari dagokionez, aurten hogei bat stand gutxiago aurkituko baititugu. Iraupenean ere bai, egun bat laburragoa izango da-eta. Produktu berrien aurkezpenak ere gutxiago izango dira, baina hala ere denetarik, eta kalitatekoa, aurkituko dugu Landako beteko duten postuetan. Zuzendariari berari eskatu diogu gune bakoitzeko eskaintza azpimarragarriena azal diezagun.

Areto Nagusiarekin hasita, beti bezala liburu eta diskoen aurkezpenerako gune izango da, eta hitzaldientzat; aurtengo gai nagusia ‘Oroitzak. 800, 500, 75’ izango da, duela 800 urte batu zirelako Bizkaiko lurraldeak, duela 500 galdu zuelako Nafarroak independentzia eta duela 75 izan zelako Gernikako bonbardaketa.

Ahotseneari dagokionez, duela bost urte jaiotako gune hau aurkezpenez betea dator, laurogeita zortzi izango baitira lau egunetan zehar, eta 22.00ak arte egongo da zabalik. Irudienea iaz zabaldutako gunea da, eta orduan ondo funtzionatu zuten elementuak indartuta aurkituko ditugu aurten, hala nola euskarazko film laburren emanaldiak. Euskarazko lehenengo 3D ekoizpenak ikusteko aukera ere izango da, hau da, Gose taldearen bideoklipa, Keu Agirretxerena, eta ‘Morritson eta Gartzia’ eta ‘Kotoizko maitaleak’ filmak.

Eszenatokia guneak ere bigarren urtea du, eta oraingoan hiru eguneko antzerki maratoia eskainiko du, goiz eta arratsaldez, San Andres aretoan. Argizaiola Saria ere hementxe jasoko du Benito Lertxundik, Jon Maiak zuzenduko duen ekitaldian. Kabia eremuan euskarazko Wikipediaren elikatze masiboaren proiektua aurkeztuko da, eta Saguen Ganbaran (orain arte Haur Literaturaren Aretoa izandakoa) tailerrak, bideojokuak, ipuin kontaketak eta beste topatuko dituzte umeek.

Plateruena azokako gune ofizialetako bat izango da aurten aurreneko aldiz, elkarlanerako aspaldiko asmoa gauzatuz. Dagoeneko izan dira emanaldiak Plateruenan, hala nola Itzalen Sua taldearena, eta datozen egunotan Gatibu, Etchart Ahizpak, Betagarri, eta Kherau izango ditugu agertokian, baita Arkaitz Estiballes, Amets Arzallus, Bien Me Sabe eta Las Fanis ‘Gau ijitoa’ izenekoaren barruan, ostiralean.

Oso gainetik aipatu ditugu Durangoko hitzordu nagusiak, baina egitarauari begirada lasaiagoa botatzen diona berehala jabetuko da, krisiak krisi, Azokak ezinbestekoa izaten jarraitzen duela euskal kultura maite duen ororentzat