Urratsez urrats eta bideoz bideo #U12Bilbora arte

Artikuluan elkartu ditugun bideon erreferentziak Herrirak urtarrilaren 12rako manifestazioa deitu zuenetik herrietan deialdia hedatzeko izan diren ekimenen lagin txiki bat besterik ez dira; oraingoan bereziki ikusentzunezkoen eremuan garatu diren ekimenen lagina.

ION TELLERIA|DONOSTIA|2013/01/12 07:50

Azaroan egin zuen publiko Herrirak ‘Denbora’ laburmetraia, spot izaera hartu zuen berehala. Abenduaren 8an Durangon jendetza bildu zuen Herrirak ‘mobilipdubzioa’ deitu zuen ekimenean eta hortik aurrerakoan herriz herri eta eremuz eremu dozenaka bideo ekoizpen izan dira, 50 gutxienez.

Protagonistak eta moduak, era guztietakoak. Goierrin, adibidez, eskualdean preso direnen senideak dira bideoaren protagonista, aulki hutsa eskutan dutela. Barañainen presoen senideen deialdia izan da, eta baita preso ohi gazte eta helduena ere. Trapagaranen, berriz, laburmetraia egiten ere ausartu ziren eta Iruñerriko hainbat gurasok ‘Sonrisas y lagrimas’ ezagunaren bertsio propioa egin zuen publiko.

Herritarren parte-hartze handiarekin egindako bideo-deialdiak ere izan dira, Azpeitikoa kasu. Oñatin banaka banaka jaso zituzten herritarren deialdiak eta antzeko bidetik Barakaldon ere, besteak beste.

Urtarrilaren 12a bitartean herriz herri protesta ugari izan dira, eta horietan ere sortu dituzte mobilizazio nagusi honetarako bideoak. Donibane Garazin eta Donibane Lohizunen, adibidez, urteko azken ostiraleko protesta Bilborako deialdia jasotzen zuen bideoak egiteko baliatu baitzuten.

Ikastetxez ikastetxe ere deialdi ugari egin dituzte; Leioako campusetik, Gasteizkotik edo Gernikako ikastetxetik. Azken astean EH Bilduren Gasteizko legebiltzarkideek ere grabatu dute euren bideoa eta iheslari politikoek ere deialdia bideo bidez egin dute. Ateak Ireki proiektuak ekimen guzti hauen berri emateaz gain ekarpen propioa ere egin du.

Musika, kirola eta nazioartea

Iruñerrian Hatortxu Rock zela-eta urtarrilaren 12ari begira ekimen dezente izan zen. Karpan bertan bideoa eman zuten eta hainbat musikarik mobilizazioan parte hartzeko deia egin zuen, Doctor Deseoko Francisek, esaterako. Musikaren presentzia bestelako ekimenetan ere izan da, agerraldietan eta bereziki ‘Herrira noa’ ekimenean.

Bilboko kaleak beteko dituen manifestaziorako deialdia egiten lehenetakoak Behobia-Donostia lasterketan parte hartu zuten korrikalariak izan ziren, Herrirak horretarako propio sortutako kamisetekin. Lekeition futbolari ohiak elkartu zituen partidaren bideo berezia ere ikusi dugu, eta Mikel Labaka futbolariaren aurka izan den eraso mediatikoaren ostean, Reala lehen mailara igo zeneko bideo bat ere Bilborako deialdiaren parte bilakatu da.

Euskal Herrikoak ez direnek ere bideoak baliatu dituzte euren deialdia zabaltzeko. Kataluniatik David Fernandez CUPeko parlamentarioaren bideoa hedatu da eta Andaluziatik Diego Cañamero SATeko kidearena. UCD alderdiaren zerrendetan Espainiako Kongresuan diputatu izan zen Federico Mayor Zaragozaren mezua izan da, baita Javier Sádaba filosofoarena ere. Uruguaitik eta Argentinatik ere iritsi dira deialdiak.

GARA, NAIZ, Info7 irratia...

Manifestazioa zuzenean jarraitzeko aukera izango da NAIZen bidez, besteak beste, hedabideen arteko elkarlanari esker. Mobilizazioaren atarian hainbat komunikazio proiektutako langileek ere bat egin dute deialdiarekin. Tartean gaur saio berezia eskainiko duten Info7 irratiko langileak, eta baita GARA eta NAIZekoak ere.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK
LOTURAK