NAIZ.INFO
GASTEIZ

Parisen eraildako ekintzaileei eta herri kurduari elkartasuna adierazi die Gasteizko Legebiltzarrak

Gasteizko Legebiltzarrak Parisen jazotako hiru ekintzaile kurduen hilketa gaitzetsi du eta elkartasuna adierazi dio kurdu-herriari. Testua EAJ eta EH Bilduren botoekin onartu da, Turkiako Enbaxada eztabaida galarazten saiatu ondoren.

Euskal Herria Bilduk eta EAJk koalizioaren legez besteko proposamen bati eginiko transakzio emendakina adostu dute, Parisen tiroz hildako hiru ekintzailek kurduen heriotza salatu eta herri horri elkartasuna adierazteko. PP, PSE eta UPyDk aurkako botoa eman dute.

Onartutako testuan zehazten denez, Sakine Cansiz, Fidan Dogan eta Leyla Söylemezen hilketak gaitzesten ditu Legebiltzarrak eta, halaber, Ankarako Gobernuaren eta kurdu-herriaren arteko elkarrizketa prozesuaren aldeko bere jarrera Turkiaren Bilboko Kontsulatuari helarazteko konpromisoa agertu.

«Prozesu horren amaieran Kurdistango errealitate nazionala aitortu beharko litzateke eta gatazka horretako esku-hartzaile guztiek konpromiso eraginkorra hartu beharko lukete pertsona ororen giza eskubide guztiak errespetatzeko eta printzipio demokratikoak bermatzeko», gaineratzen du testuak.

Era berean, «negozioazio-bideak bilatzeari eusteko» deia egin die Legebiltzarrak kurdu-herriaren ordezkariei, urtetan pairatutako «sufrimenduari konponbide bidezkoa, baketsua eta demokratikoa bilatzako».

Azkenik, Parlamentuak Turkia eta Kurdistanen arteko gatazkan esku har dezala eskatzen dio Europako Kontseiluari. «Halaber eskatzen dio –testuak dioenez– gatazkaren irtenbide baketsuari eta giza eskubide guztien benetako eskubide guztien benetako aurrerabideari heltzeko, baita kurdu-herriaren eskubide politiko eta kulturalen begirunea eragiteari ere, horiek ezinbestean bete beharreko baldintzak baitira Turkia Europako Batasunean sartu ahal izateko».

PP eta PSEk, beren aldetik, aurrera atera ez den emendakin bat adostu dute, ekintzaileen hilketa arbuiatuz, baina Turkia eta Kurdistanen arteko elkarrizketa prozesuaren inguruko azalpenik eman gabe.

Astearte honetan Parlamentuak eztabaidatutako testuak polemika eragin du azken asteotan, Turkiako Enbaxadak gutun bat igorri baitzion Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriari, testua aurrera atera ez zedin eginahalak egiteko eskatuz. Horrez gain, EAJk berri eman duenez, talde politikoei eta enpresariei ere dei egin zien Turkiak.