NAIZ.INFO
DONOSTIA

Bertso ekitaldiek tarte berezia dute asteburu honetako agendan

Kirol lehiaketak, musika kontzertuak, azokak, dantza ikuskizunak, mota askotako jardunaldiak, antzerkia... Asteburua ekitaldiz josita dator, baina bertsolaritzak aparteko tartea izango du egunotan, hitzordu bereziak baitaude iragarrita.

Arabako Bertsolari Txapelketako finalistak. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Arabako Bertsolari Txapelketako finalistak. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Larunbatean Gasteizen jokatuko den Arabako Bertsolari Txapelketako finala izango da, seguruenik, bertsozaleen artean asteburuko hitzordurik erakargarriena, baina ez, ordea, bakarra, igandean ‘Etxean nahi ditugu’ lemapean Etxeratek antolaturiko bertso saioa egingo baita Gernikan. Gainera, ostegunean Andoianetik abiatu zen Korrikak antolatutako Korrika Kulturalaren egitarauaren barnean hamaika bertso saio daude iragarrita egunotarako, euskararen aldeko beste ekitaldi asko eta askoren artean.

Bertso ekitaldiez gain, hala ere, badago non aukeratzerik, egunotan ere luzea baitira antzerki zein dantza saioen proposamen zerrendak: ‘Poza, zergatik dantzatzen dute bosniarrek?’ Donostian, Wiesbadeneko Balleta Arriagan, ‘Antígona oriental’ Barakaldon, herritarrek antzeztutako ‘1936’ Urnietan, eta Biarritzen eta Baionan ospatzen ari diren Bi Harriz, Lau Xori  eta ‘Martxoko Etiopikoak’ jaialdiak... Eta are luzeagoa musika kontzertuen eskaintza.

Kirol hitzorduen artean, berriz, honako hauek dira aipagarriak: II. Arriarango mendi lasterketa, Bilboko Atletismo Milia, Zestoako XXXV. Herri Krosa, XI. Udaberri Lasterketa, Bizkaiko Kanikross lehiaketa eta Larraul-Ernio-Larraul

Gueñesko San Jose Azoka ere hitzordu berezia izango da igandean. Eta baita honako ekitaldi eta topaketa hauek ere: Durangoko Arrazakeriaren kontrako astea, Aitzol apaiz eta idazleari omenaldia Tolosan, Debabarreneko ‘Abian’ I. Lanbide Heziketako Azoka Eibarren, Zilar Astea, migrazioaren inguruan Durangon, ‘Hondotik ondora’ itsas ondareari buruzko jardunaldiak Pasaian, Bilboko lehen Disko azoka eta Hendaia Euskaraz jardunaldiak.