NAIZ.INFO
DONOSTIA

Nafarroako hegoaldean eman du eguna Korrikak

Giro eguzkitsuak lagunduta, Nafarroako Erriberan izan da Korrika, euskara Euskal Herriko txoko guztietara eramanaz. Nafarroa Oinezeko lagunek egin diote harrera Tuteran, baita militarren hegazkinek ere Bardean.

Korrika, Faltzesetik igaro denean. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Korrika, Faltzesetik igaro denean. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Igande goizaldetik Nafarroa Garaian bueltaka dugu Korrika. Atzokoan Baztan eta herrialdearen ipar-ekialdea zeharkatuta, hegoaldera egin du gaur euskararen aldeko lasterketak. Pirinioetako maldak eta giro hotza atzean utzita, lautadak eta giro eguzkitsuak hartu dute protagonismoa gaurkoan.

Tafalla inguruan izan da goizean Korrika. Jende asko izan da eta momentu hunkigarriak bizi izan dituzte. Semeak ikastolara bidali dituzten guraso erdaldun batzuekin egoteko aukera izan du GARAko kazetari Maider Iantzik.

Tafallatik Mirandara egin du bidea Korrikak. Bitxikeria moduan, aipatu Txalapartako kideek beren kilometroa Chavezen liburu bat eskuetan egin dutela.

Handik Vergalijora egin dute lasterka. Sasoia Iruñeako jubilatu elkarteko kideak izan dira bertan, aldiro erosten baitute kilometroa. Autobusean etorri dira guztiak eta, adinak barkatzen ez duen arren, euskararen alde edozer egiteko prest daudela ikusi da.

Faltzesen ere izan da Korrika. Herri ez oso euskalduna izan arren, harrera polita izan du. Herriko zaharrak harrituta geratu dira ekimenarekin eta gaztetxoek lasterka egin dute, nahiz onartu ulertu bai baina euskaraz ez dutela egiten.

Erribera aldera egin du ekimenak arratsaldean. Bardeko lautada eta paisaia ikusgarriak zeharkatu ditu, baita kilometro luzeak egin ere. Maider Iantzi GARAko berriemaile bereziak azaldu digunez, une askotan korrikalari bakar bat joan da lekukoa eramaten, hainbat txirrindularik lagunduta. Eta ez horiek bakarrik, hegazkin militarrak ere izan dira gaurkoan Korrikaren lekuko.

Valterrara heldu da ondoren Korrika, eta handik Arguedasera. Eguzkipean egin ditu kilometro guztiak. Nazioartetik ere deiadarra. Bruselako euskal herritar batzuek erosia zuten bertan kilometro bat, eta zuzenean konexioa egin dute telefono bidez. Erriberako txistulariak ere izan dira bertan. Haietako haur bat furgoneta gainean izan da, pieza bat jotzen.

18.00ak inguruan iritsi da Tuterara. Arrigarai euskaltegiko lagunek eraman dute lekukoa, baita Argia Ikastolako kideek ere. Aurtengoan bertan ospatuko da Nafarroa Oinez jaialdia, eta haien sinbolo eta ikurrak erakusgai izan dituzte ibilbidean zehar. 

Nafarroan azken pausoak emango ditu gaurkoan Korrikak, goizaldean Arabarako bidea hartu aurretik.

Jarraitu Korrika 18 NAIZen webgune berezian.