NAIZ.INFO
GASTEIZ

Ernai: «Atzerrira bidali nahi gaituzte, baina Euskal Herriko kaleetan geratuko gara»

Euskal Herrian ikasi, lan egin eta bizi nahi dutela aldarrikatu dute hogei bat gaztek Ajuria Enean egin duten ekimen baten bidez. Atzerrira bidali nahi dituztela salatu dute baina eurak Euskal Herriko kaleetan geratuko direla aldarrikatu dute.

Ernaik Ajuria Enean egin duen ekimenaren irudia. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Ernaik Ajuria Enean egin duen ekimenaren irudia. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Gasteizko Campusetik Ajuria Eneara martxa egin dute hogei gazte inguruk maleta eskuetan hartuta. Era horretan, ikasketak amaitzean «prekarietatera» kondenatzen dituztela salatu dute eta gero eta gazte gehiago langabezia eta erbestearen artean hautatu beharrean aurkitzen dela arbuiatu dute. «Sistema kapitalistaren eta bere kolaborazionisten erbesteratuak gara», esan dute.

Politika hauek erantzunle jakin batzuk dituztela azaldu dute: «Lakuako Gobernua, Nafarroako Gobernua eta Gobernu espainiarra». Ernairen ustez, lanaren eta enpleguaren aldeko politikak bultzatu beharrean, gazteek atzerrian lan egiteko programak adosten dituzte berauek.

«Baina nekez egingo du aurrera Euskal Herriak, gazteon gaitasunak gutxiesten jarraituz gero», salatu dute. Hori horrela, Euskal Herrian ikasi, lan egin eta bizi nahi dutela aldarrikatu dute, «eta horren alde borrokatzera animatu nahi dugu gazte oro». Lanaren banaketa eta lan baldintza duinak dira horretarako gakoak Ernairen esanetan, «eta sektore publikoak izan behar du horren bermea».

Era berean, Iñigo Urkullu lehendakariari egoera «larri» honen aurrean erantzunkizunez jokatzeko eskatu diote. Hori horrela, «kapitalaren mesedetan» jardun ordez, pertsonak lehenetsi ditzala eta, beraz, gazteok Euskal Herrian «duintasunez» bizi ahal izateko politikak sustatu ditzala ere eskatu diote.

Gauzak horrela, gazteriari borrokara lotzeko deia egin diote. Keinu bat egin eta maiatzaren 30eko greban kalera ateratzeko deia luzatu dute.