NAIZ.INFO
BILBO

Olaizola finalera, Urrutikoetxea indartsu bati irabazi ostean

Aimar Olaizolaren alde zen dirua, baita estatistikak eta gehienen usteak ere; eta emaitza ere alde izan du azkenean (22-12), baina Mikel Urrutikoetxeak ederki lan eginarazi dio finalerako txartel hori lortzeko. Udako solstizioarekin hasierako bi faborito nagusien arteko finala izango da, azkenean: Juan Martinez Irujo eta Aimar Olaizolaren artekoa.

Olaizola Urrutikoetxearen, eta hainbat haurren, zorionatzea jasotzen, partida amaitu berri. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)
Olaizola Urrutikoetxearen, eta hainbat haurren, zorionatzea jasotzen, partida amaitu berri. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

Mikel Urrutikoetxea sorpresa emateko gai zela zioen askok, eta Aimar Olaizola nagusitu den arren (22-12) 22. tantoraino lan dezente egin behar izan du Goizuetakoak, beste behin ere partida bikaina egin du.

Olaizolak 18. egin duenean bazirudien partida amaitua zegoela, baina Urrutikoetxeak egoerari buelta eman eta 12-18 jarri du markagailua, esperantza biziaraziz. Horretan zela kale egin eta 19.a egin du Aimarrek, 20.a gero, 21.a eta ezin izan du gehiago txapelketa bikaina egin duen Zaratamoko pilotariak.

Oinatz Bengoetxearen aurka izango du bere maila erakusteko hurrengo aukera, 3. eta 4. posturako lehian. Horren ostean, faborito nagusien arteko finala udako solstizioarekin. Juan Martinez Irujo eta Aimar Olaizola, bi handi buruz buru izango dira aurtengo txapelketaren finalean.