NAIZ.INFO
DONOSTIA

Barrenak dio PP «oker» dabilela presoen eskubideen aldeko lana etengo duela uste badu

Herrira mugimenduaren aurka burututako sarekada eta horren aurrean Lakuak izan duen jarrera «sumisoa» gaitzetsi du Pernando Barrena Sortuko eledunak. Era berean, mezu argia igorri nahi izan dio PPren Gobernuari: halako ekintzek presoen eskubideen aldeko jarduna etengo duela uste badu, «herri hau ezagutzen ez duten seinalea» dela.

Pernando Barrena, Donostian eginiko agerraldian. (@sortuEH)
Pernando Barrena, Donostian eginiko agerraldian. (@sortuEH)

Donostian eginiko agerraldi batean, Barrenak adierazi du PPk ez duela lortu Herriraren aurkako operazioarekin lortu nahi zuen helburua. «Euskal presoen giza eskubideen defentsan jarduten duten 18 lagun atxilotzera ehunka guardia zibil armatu bidaltzearen ridikulua egiteaz gain, espetxe politika aldatzearen beharra eztabaidaren erdialdean» kokatu dela azaldu du.

Zentzu horretan, nabarmendu du euskal jendartearen gehiengoak presoen eskubideen aldeko «lan zilegiaren aurkako eraso gisa» ulertu duela operazioa eta, gainera, «PPren Gobernua iraganekjo garaietara itzultzeko saiakerak egiten ari dela» ulertu dutela herritarrek.

Era berean, Barrenak gaitzetsi egin du Lakuako Gobernuak izandako jarrerarekiko, operazioa Ertzaintzaren laguntzarekin gauzatu zelako.

Beste alde batetik, oso positiboki baloratu du atzokoan EAJ eta EH Bilduko talde parlamentarioek sarekadaren aurka eginiko adierazpen bateratua.

Ildo horretatik, jeltzaleak «normalizazio politiko eta sozialaren bidea egiteko prest agertzen bada, bakeari trabak jartzen dizkiotenei aurre eginez», ezker abertzalea «alboan» izango duela adierazi du Barrenak, «elkarrekin lan egiteko eta herri gisa gure bide propioa egin dezagun».

Herrirako kideen askatasunagatik poza adierazi ondoren, PPri ohartarazi dio mugimenduaren aurka hartu dituen neurriekin presoen eskubideen aldeko jarduna etengo duela uste badu, «oker dabilela», «herri hau ezagutzen ez duten seinale».

«Euskal herritarrek bake prozesua garatzeko determinazio osoa dute eta horrela euskal presoen eskubideen defentsa eta espetxe politika aldaketa derrigorrezkoa da», gaineratu du.

Azkenik esan duenez, «irakurketarik behar ez duen errealitatea da» berak aipatutakoa, eta hori «onartu nahi ez duenak, bihar argi ikusteko aukera» izango duela gaineratu.

«Bihar herritar olatu erraldoi batek bere bultzada osoa emango dio Herrirak presoen eskubideen aldeko lana garatu dezan eta gatazkaren konponbidearen alde», azpimarratu du Barrenak.