Erreportajea
 
«Trick or treat», Talaixako Mamua Mutrikuko gaba beltzean ala Gaztainerre Eibarko suetan

«Trick or treat», hori eskaintzen dute kalabazekin etxez etxe ate joka ibiltzen diren umeek Halloween gauean. Trukoa ala tratua, Halloween ala Animen Gaua... Aunitzek AEBetako bestatzat hartu arren, europar jatorriko ospakizuna da, Ameriketan indarra hartu ahala hemen apaltzen joan zena, eta ahantzia badugu ere, Euskal Herrian ere egiten zena. Bi adibide ekarri ditugu, Mutriku eta Eibar, Gaba Beltza eta Gaztainerre.

Maider IANTZI|DONOSTIA|2013/11/01 12:17
20131101_mutriku
Mutrikun Talaixako Mamua erre aurretik egiten den kalejira. (MUTRIKUKO UDALA)
1209. urtean, Mutriku herri izendatu zutenean, Talaixako Mamua kalez kale ibili zen kantoi eta atariak miatzen, kalabazarik jarri ez zuten ateetan tok-tok eginez.

Mutrikuko Udaleko Kultura teknikaria, Iratxe Gimenez, berez ez da hemengoa eta harritu egin zuen bertako jendeak, nagusiek, bart gauez, urriaren 31n, leihoetan kandelak eta kalabazak jartzeak. Ezagutzen dugun Halloween hau zabaldu baino lehen sortu zen Gaba Beltza itsasoko herri honetan, ez dakigu marinelek ekarrita ala bertako zaharren kontakizunei tiraka.

Horren harira kondaira bat dago herrian, Talaixako Mamuaren ipuina. Egunez, baleak begiztatzea zuen Talaixeroak bere lana; gauez, aldiz, piraten salataria zen. Hauek agertzen zirenean bi argi gorri distiratsu pizten zituen. Beraz, ezinbestekoa zen mutrikuarrentzat, nahiz eta inork ez jakin nor zen, nongoa zen eta ze itxura zuen.

1209an, Mutrikuri herri izendapena eman zioten urtean, gertaera bitxi bat gertatu omen zen. Orduan ere, urriaren 31n Gaba Beltza ospatzen zen eta kalabazaz eta kandelaz jantzi ziren kaleko txoko eta etxe ia guztiak, arima erratuengandik babestu nahian. Arrats hartan mamu bat azaldu zen, kalabaza itxurako burua eta bi begi gorri distiratsu zituen mamu beltz-beltz bat. Kalean gora eta behera ibili zen, kantoi eta atariak miatzen. Diotenez, kalabazarik jarri ez zuten ateetan tok-tok egin eta gauaren iluntasunean desagertu zen.

Gertaera larriagoak ere izan ziren. Piratak kalabazarik ez zuten etxeetan sartu, eta deus gabe utzi zituzten familiak. Herriko zaindariak ez ziren erasoaz konturatu, ez zutelako Talaixa gainean argi gorririk ikusi.

Hurrengo egunetan bolo-bolo ibili zen berria herrian: zergatik ez zuen Talaixeroak seinalerik eman? Gero eta argiago zuten bizilagunek gau hartan kaleetan ibili zen mamua bera zela eta Talaixako argi gorriak mamuaren begiak zirela, piratak hurbiltzen zirenean dir-dir egiten zutenak. Hariak lotzen joan ziren: mamuarekin izutzen zirenez, lapurrak ez ziren kalabaza zuten etxeetan sartu, eta kalabazarik ez zuten bizilekuetan, mamua ate joka ibili zen etxekoei gaiztakeriak hartuko zituela jakinarazteko.

Kondairak dioenez, oraindik ere, Gaba Beltza iristean, Mutrikura jaisten da Talaixako Mamua, eta txoko guztiak arakatu eta kalabazarik ez duten etxeetan atea jotzen du...

Gaba Beltza herriko taldeek antolatzen dute Udalarekin elkarlanean. Egitaraua urtero aldatzen da, baina bada gauza finko bat: Axuri Beltza kalejira solemnea, beltzez jantzita, kandela eta argi zuziekin egiten dutena. Dantza taldekoekin batera, gaztetxeko jendea ateratzen da, gaztelekukoa, txistulariak, akordeoilariak... Elkarrekin itzulia egin, eta Talaixako Mamua erretzen dute. Honek buru handia eta gorputz txikia ditu, eta burua gorde eta gorputza soilik erretzeko proposamena egin zenean, herritarrek ezetz erantzun zuten, dena erre behar dela.

Hiru eguneko Gaba

Orain hogei bat urte lagun talde bat antolatzen hasi zen besta honetan, denda eta tabernak atontzen dituzte eta beltzez janzten dira herritarrak. Aurpegia odolez margotzen dute batzuek eta maskarak jartzen dituzte besteek. Umeentzat sekulakoa da.

Aurten, hiru jai egun jarraian tokatu direnez, zabaldu egin da Gaba Baltza: bart umeentzako ekintzak egin zituzten; gaur kalejiran atera eta mamua erreko dute; eta bihar, baserritarren azokan, Lapiko Beltza babarrun lehiaketa eginen dute. Arratsalde-gauean, musika eta DJ Arnoren umeentzako saio berezia izanen da Beheko plazan, eta 22.30ean, Laia, Herri Oihua eta Avida Dollars-en kontzertuak gaztetxean.

Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko mugari jarraituz, behera eginen dugu pixka bat, Eibarko ospakizunak ezagutzeko. Oier Araolaza antropologoari bestak eta errituak interesatzen zaizkio eta dibulgazio mailan lan egin du alor honetan. Kasualitatez, etxean solasean, aitari aditu zion -bera zizurkildarra da- beraiek ere gaztetan kalabazak baratzetan lapurtzen, husten eta kandelak jartzen ibiltzen zirela. Ezuste bat izan zen.

«Egin nuen gauza bakarra hosto bat edo tapaki bat altxatzea izan zen, pixka bat begiratzea. Eta berehala konturatu nintzen etnografia mailan gauza erabat ezaguna dela eta testigantzak nahi adina daudela Euskal Herri osoan. Gaur egun Halloween bezala ezagutzen duguna, garai batean Animen Gaua zena, oso-oso antzerako ezaugarriekin edo ezaugarri berberekin ospatzen zen gurean ere, Europako Mendebalde osoan bezala», azaldu du eibartarrak.

Bere ustez, euskaldunok badugu harrokeria puntu bat errateko gure tradizioei eutsi diegula eta gure sustraiak ezagutzen ditugula. «Egia da gauza batzuk mantendu ditugula, ez gara bereziki arduratsuak izan, ordea. Horren erakusgarri da nola izan garen gai belaunaldi batean gurean oso errotua zegoen festa bat uzteko -1950etik 80ko hamarkadaraino izango zen uzte prozesua gutxi gorabehera-, eta ahazteko noizbait egin izan dugunik ere».

Hitzaldiak eman dituenean eta gai honen inguruan mintzatu denean behin baino gehiagotan aditu du entzule bat erraten: «Bai, guk ere egiten genuen». Eta ondokoa erantzuten: «Zer esaten ari zara!». Biek oroimen ariketa bat egin eta konturatzen dira baietz, ohitura zela.

Hirugarren pausoa, eta Araolazarentzat tristeena, gaur egun Halloween den AEBetako kanpaina komertzialak, Europan duela bost-zazpi urte txertatuak, hemen duen arrakasta da. «Urtetik urtera bikoiztu egiten da oihartzuna. Eta hori gertatzen ari da festa hau gurea izan zitekeenik pentsatu gabe edo horren kontzientziarik izan gabe».

XX. mendean goitik behera aldatu zen Halloween. Lehen birziklapenean eta berrerabilpenean oinarritutako festa zena egun kontsumismoaren gainean eraikitzen den eta kontsumoa helburu duen festa bat da.

Hala ere, ezaugarri batzuei eutsi zaie; etxez etxe eskatzeari, adibidez. Oier Araolazak ez daki gurean zenbateraino konturatzen garen eske erronda horiek berez neguko besten ezaugarri direla, eta interesgarria deritzo kontzientzia hori izateari. Bertze ospakizun batzuetan ere gertatzen ari diren aldaketak hori kontuan hartu gabe gertatzen ari direla eta pena dela ikusten du. Olentzero du buruan: hasierako eskema Halloweenekoa edo Animen Gauekoa izan daiteke, edo Santa Agedakoa, edo inauterietako puska biltzekoa.

Antropologoak hori ezagutarazi duenean eta jendeak bere esperientzien berri eman duenean, kontu ugari atera izan dira: bertzeak bertze, nola ibiltzen ziren gaztetxoak etxez etxe, gehienbat intxaurrak, gaztainak, hurrak... sasoiko jakiak eskatuz. Garai batean kalabazak baino gehiago arbiak erabiltzen zirela ere aipatzen da.

Halloweenen zerbait beldurgarria irudikatzen da. Olentzerok poza eta albiste on bat ekartzen du, baina urriaren 31ko eskea ia-ia mehatxu bezala planteatzen da. AEBetatik iritsi den eskatzeko erak -«trick or treat», trukoa ala tratua- hala dio: zerbait ematen didazu ala zerbait txarra egingo dizut.

Heriotzaren inguruko kulturan aldaketa dezente izan dira XX. mendean. Lehen baziren erritu eta ospakizunak bizitzaren zikloaren barrenean normaltzat jotzen zirenak. Hor sartzen da heriotza etxe barruko gertaera bezala. Orain, ordea, hori erabat arroztuta dago. «Heriotza gure etxeetatik kanporatuta daukagu, umeengandik ezkutatuta eta familiatik ere nahiko aldenduta. Garai bateko etxeetan aitona edo amona zendutakoan arrunta izaten zen familia inguruan izatea azken une horietan, gorpua bertan izatea eta umeek, helduek bezala, ikustea», kontatu du. Gaur egun, arraroagoa da hori eta ospakizunean ere sumatzen da. «Garai bateko ospakizun bat da non heriotzarekiko harremana modu natural edo zuzenago batean gertatzen zen, eta orain, agian, horregatik iruditzen zaigu jaia izugarriagoa, heriotza bera ezkutatu dugulako», arrazoitu du.

Gaztainekin afari-merienda

Eibar, Ermua eta Soraluze aldean Gaztainerre ospatzeko tradizioari eusten diote. Ospakizun mota hagitz zabaldu baten bertsio lokal bat da. Animen Egunarekin, hau da, azaroaren 2arekin, lotutako besta da, garaiko fruituekin egiten dena.

Eibarko antropologoak aipatu duenez, bere herrian Galiziako etorkin komunitate handi samarra dago eta Magosto ospatzen dute. Hala egiten dute Katalunian, Portugalen, Extremaduran, Leonen eta Asturiasen ere. Euskal Herrian barna ere normala da urte sasoi honetan gaztainak janez afari-meriendak egitea.

Gaur egun, Eibarren, Gaztainerren egiten dena afari bat da. Nahitaezko ezaugarria postrea gaztain erreak izatea da; aurreko plater batzuk ere ohiturazkoak dira, barraskiloak adibidez. Animen Egunaren bigarren astelehenean egiten da ospakizun hau. Aurten, beraz, azaroaren 11n.

Animen Gauak, aldiz, Animen Egunaren aurreko eta ondorengo gau batzuk izaten dira, Oier Araolazaren arabera. Nahiko modu zabalean interpretatzen dira. Inauterietan ere, aro bat egoten da. «Trick or treat» erranez, mozorroen gibelean gordez edo barrutik ateratzen dena eginez, hasi dira neguko jaiak, bakoitzak nahi duen eran gozatzeko.