Naiz.info
Bilbo

Ostiralean abiatuko da Zinebi, euskal film laburrekin eta Ohorezko Mikeldi sariarekin

Zinebi Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiaren 55. edizioa ostiralean abiatuko da zortzi euskal film laburren proiekzioarekin eta zinemaldiko Ohorezko Mikeldietako bat Agustin Diaz Yanes zinemagileari emanez.

Zinebiren aurkezpena egin dute gaur Bilbon. (ARGAZKI PRESS)
Zinebiren aurkezpena egin dute gaur Bilbon. (ARGAZKI PRESS)

Antolatzaileek gogoratu dutenez, 67 filmek hartuko dute parte Sail Ofizialean, Zinebi Sari Nagusia irabazteko eta hiru generoetarako (fikzioa, dokumentala eta animazioa) Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko lehiatuko direnak.

Lehiaketarako aukeratu diren filmen artean, zortzi euskal zinemagileek egindakoak dira –fikziozko bost, animaziozko bi eta dokumental bat–.

Azaroaren 22an jakinaraziko den Zinebiren palmaresa honako sari hauek osatuko dute: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusia, Euskal Zinearen Sari Nagusia, Estatu espainoleko Zinearen Sari Nagusia, Film Latinoamerikar Hoberenarentzako Mikeldia eta Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak, fikzio, animazio eta dokumental kategorietan.

Horrez gain, jaialdiak beste lau sari ez ofizial izango ditu: Ikus-entzuleen Saria, SGAEk eta Euskadiko Gidoigileen Elkarteak EAEko gidoirik hoberenari ematen dioten Saria, FAS Zineklubaren Saria eta Azkue Fundazioak Euskaraz egindako Filmerik Onenarentzat ematen duena.

Zinebi 55en lehenengo egunean proiekzioen beste ikuskizun bat egingo da, baina kanpokaldean, inaugurazio ekitalditik kanpo, Bilboko itsasadarraren uraren gainean.

Horrez gain, Agustin Diaz Yanesek Ohorezko Mikeldi saria jasoko du.