Usurbilgo Atxega Jauregian banatu dira gaur 14. Argia Sariak, euskarazko kazetaritzari zuzendutakoak. 2013ko ekarpenik garrantzitsuenak saritu dira eta horien artean, irratigintzan, Eider Olazar Infozazpiko esataria izan da hautatua.
Goizek 10.30etik aurrera, astelehentik ostiralera, ‘Kalegorrian’ saioko bigarren zatiaren gidari da kazetari tolosarra. Gizarte eta kultura gaiak izaten ditu hizpide, tertuliak, elkarrizketak eta gonbidatuen ekarpenak uztartuz. Hain justu, gai horiek zorroztasunez lantzeagatik eta inork gutxik lehen planora eramaten ez dituen lagunak protagonista bilakatzeagatik jaso du Argia Saria.
Interneteko alorrari dagokionez, Topatu.info gazte proiektu komunikatiboa izan da saritua, informazioa gazteen ikuspegitik era dinamikoan jorratzeagatik eta gazteen artean egunerokotasuneko gaien inguruko eztabaida lantzeagatik.
Prentsa idatzian, ‘Berria’ egunkariko Maite Asensio saritu dute, genero ikuspegia kazetaritzan txertatzeagatik.
Publizitateari dagokion saria Nafarroako Erriberan egindako ‘Errigora’ ekimenak jaso du; telebistakoa, aldiz, Kike Amonarrizek ETB1en gidatzen duen ‘Tribuaren berbak’ saioarentzat izan da.