Gotzon ARANBURU
PASAIA

San Juan baleontzia

Duela 449 urte, Kanadako itsasoan, Labrador lurraldeko Saddle irlatik oso gertu, San Juan baleontzia hondoratu zen. Bizi laburra izan zuen ontziak, bi urte (1563) lehenago eraiki baitzuten Pasaian. Balea-olioz betetako ehunka upel zekartzan Euskal Herrira San Juanek; horietako gehienak berreskuratu zituzten marinelek, baina ontzia urpean geratu zen betirako. Hildakorik ez zen izan, edo izatekotan bakarra izango zela uste da. Orain, hondoratutako baleontzia berregiten ari dira Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian, eta Donostia 2016ren ikurra bihurtzeko bidean da.

Hauxe da San Juan baleontzia, eskala txikian egina. (Gotzon ARANBURU)
Hauxe da San Juan baleontzia, eskala txikian egina. (Gotzon ARANBURU)

Orduko baleontzia, orduko materialekin egina eta orduko teknikak erabilita. Ez da txantxetako apustua. Bada horixe da Albaola erakundeak onartu duen erronka, eta egunez egun irabazteko pausoak ematen ari da. San Juan berreraikitzeko zura Nafarroako Sakanako basoetatik atera dute, 200 haritz baino gehiago botata. Hala ere, piezarik handiena, gila, pago egurrezkoa izango da. Ontziaren azpian doana da eta galeoiaren bizkarrezurra dela esan daiteke. Albaolako komunikazio arduradun Zuhaitz Akizuk azaldu digunez, Euskal Herriko ontzien ezaugarri eta bereizgarri zen gila pago egurrez egina izatea.

Ehunka haritz horiek Zubietako Errekondo zerrategira ekarri dituzte, eta han Joseba Burdain teknikoaren aginduak jarraiki ebaki dituzte. Ontzian toki batean joan edo bestean joan, halako edo holako piezak behar dira: batzuk zuzen zuzenak, beste batzuk kurbadunak. Gero, Pasaiako Ondartxo ontziolara eramaten dituzte eta han pilatu, elkarrekin josteko ordua iritsi arte.


Estalpe honetan egingo dute San Juan baleontzia, nahi duen edonoren begien aurrean. (Gotzon ARANBURU)

Esateko erraza da, baina egiteko… Adibidez, San Juan ontziaren planorik ez dago, ezta garai hartako besterenik ere, orduko ontzigileek ez zituztelako erabiltzen. Buruan zeukaten ontzia eta hau egiteko teknika. Baina San Juanen kasua oso berezia da. Eta Kanadara joan beharra dago ulertzeko.

1985eko uztaileko ‘National Geographic’ aldizkariaren azalean urpekari bat azaltzen da, zurezko pieza kurbadun bat eskuetan duela. «16th century basque whaling in America» titulua irakurri daiteke letra larrietan, eta barruan Ternuan ibilitako euskal balea arrantzaleei buruzko erreportajea dator. Ez nolanahikoa: 31 orrialde eta 30 argazki eta marrazki dauzka. Azaleko argazki handia San Juan ontziaren pieza batena da eta Robert Grenier adituak azaltzen ditu berreskuraketa horren nondik norakoak.

Txalupa galeoiaren azpian

Selma Huxley ikerlariak esan zuen, artxiboetan lan asko egin ondoren, non egon zitekeen urperatuta baleontzia. Esan eta izan. 1978 udan arkitu zuten Parks Canada erakundeko urpekariek itsasoaren hondoan hiru masta eta 27 metro luzeko ontzia, oso egoera onean. Galeoiaren azpian, balea ehizateko erabilitako txalupa, hau ere ondo kontserbatua. Txaluparen erreplika zehatza Albaolan dago orain, piezaz pieza berreginda. San Juanen aurkikuntzak izugarrizko garrantzia zeukala hitz hauekin azaldu zuen ‘National Geographic’ek: «In archeological terms her value is enormus, for she is the first largely intact 16th-century merchant ship ever excavated and studied in the Americas».


Txalupa hau Kanadan arkitutakoaren erreplika zehatza da. (Gotzon ARANBURU)

Kanadiarrek bost txosten lodi osatu zituzten baleontziari buruzko dokumentazioarekin, eta horiek oinarri hartuta ari dira lanean Albaola elkartekoak. Joseba Burdainek galeoiaren erreplika egin du, neurri txikian. Ontziaren pieza guztien plantilak egin dituzte ontziolan, gero patroiak egingo dituzte eta ondoren pieza horiek zurezko bihurtzeko lana daukate zazpi arotzek eta errementari batek. Euskaldunak, frantziarrak, herbereetarrak… eskuz esku ari dira beharrean Pasaian. Sammy Bertoliatti marsiliarra da horietako bat. Gila lantzen ari da hamabost metroko enborrean eta lanbidea non ikasi duen galdetuta, «hementxe, Albaolan, eta gero Bretainian» diosku.

XVI. mendeko teknikak

Horma batean San Juanen planoak daude jarrita, teknikoek eta langileek behar adina kontsultatu ditzaten. Zuhaitz Akizuk azaldu bezala, Parks Canadako arkeologoek itsasotik berreskuratutako piezak eta horietatik abiatuta proiektatutakoak –kroskoa osatu arte– azaltzen dira marrazkietan. Urte pare bat beharko dira galeoia berreraikitzeko, XVI. mendeko teknikak erabilita. Galipota, adibidez, garai hartan bezala egingo diete Burgosko Quintanar de la Sierra herrian. Janariz eta sagardoz hornituko dute ontzia eta 2016an Europan barrena nabigatuko du, Donostiaren hiriburutzaren ikur gisa.


Albaolan garai bateko materialak eta teknikak erabiltzen dituzte ontzigintzan. (Gotzon ARANBURU)

Bitartean, Albaola itxuraldatzen ari da. Zurezko estalpe erraldoia eraiki dute, galeoiaren berreraiketa bertan egingo delarik bisitariek pasabideetatik lanak jarraitzeko aukera izan dezaten. Duela bost mende euskaldunok itsasontziak egiteko teknologia aurreratuenaren jabe ginen eta inon baino ontzi sendoagoak eta gogorrakoak egiten ziren gure ontzioletan, Mikel Leoz adituaren esanetan. Orduko teknikak erabilita, geure begien aurrean ikusi ahal izango dugu nolakoa zen Europako lehenengo zamaontzi transatlantikoa.

Ez hori bakarrik. Albaola Itsas Kultur Faktoria kulturune erreferentziala bihurtzeko bidean dago, eta euskaldunok gure historiaren pasarte oso garrantzitsuak –itsasoarekin lotuak– ezaguteko aukera izango dugu bertan hemendik gutxira. Ez da museo arrunta izango, bizia baizik, gauzak ikusteaz gainera gauzak egin egingo baitira ikusleen begien aurrean, orain arte ahaztuxea eduki dugun itsas ondarea berreskuratzeko bidean. San Juan berreskuratzen ari diren bezalaxe.