@Nagore Belastegi
DONOSTIA

Igandean ospatuko den Ziklobiak borobilduko du 2014ko Olatu Talka jaialdia

Pasa den asteburuan ospatu den Olatu Talka jaialdiaren azken txanpa igandean ospatuko dute Donostia eta Hernani bitartean egingo duten Ziklobian. Aurreko urteetako arrakasta ikusirik, aurten egun oso bat jarduera horri eskaini nahi diote eta puntu desberdineta bestelako ekintzak antolatuk dituzte.

Donostia, Hernani eta Astigarragako alkateak, Urbieeta kalean bizikletaren gainean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Donostia, Hernani eta Astigarragako alkateak, Urbieeta kalean bizikletaren gainean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Zazpi kilometroko ibilbidea egin beharko dute bizikletarekin edo patinekin Urumeako Ziklobian parte hartzera animatzen direnek. Donostiatik Hernanira, Astigarratik pasata, egun osoko egitaraua prestatu dute Olatu Talka kale jaialdiari amaiera emateko, 10.00etatik aurrera. Proposamen honetan Hernani eta Astigarragako elkarte desberdinek parte hartu dute. Helburua garraiobide jasangarriak sustatzea da, udalerri horiek ez baitaude uste bezain urrun bata bestearengandik.

Nahiz eta ekitaldi horrekin Olatu Talka amaituko den, gaur goizean egin duten aurkezpenean pasa den asteburuan ospatu zirenen balantzea egin dute antolatzaileek. Hiru egunetan 250tik gora ekintza antolatu dituzte eta hiru besterik ez dira bertan behera gelditu. Horien artean Donostiako Udaleko Musika eta Dantza eskolako ikasleek egin behar zuten Musikalez. Sei hilabete entseatzen eman eta gero, azkenean ezin izan ziren atera, baina Imanol Lopez Perotxena Olatu Talkako koordinatzaileak esan bezala, ekitaldi hori prestatzeaz arduratu zen irakasleak pentsatuko du beste modu bat egindako lana ez galtzeko.

Asteburuko ekitaldietan guztira 26.000 pertsona bildu ziren, beraz, «oso balantze positiboa» egin dute. Inoiz baino pertsona gehiago erakartzeaz gain, inoiz baino ekitaldi gehiago eta anitzagoak prestatu dituzte, eta inoiz baino lehenago bete dira izena eman behar zen jardueretako plazak. Ziklobiak ere arrakasta izango duela uste dute, izan ere, aurreko urteetako harrera ikusirik aurten egun oso bat honi eskaintzea erabaki dute.