NAIZ.INFO
DONOSTIA

Tania de Sousaren bloga amaierara iritsi da, diskoaren grabazioa bukatuta

Tania de Sousaren bloga bere amaierara iritsi da. Maiatzaren 5az geroztik ‘Tania Tank’ diskoaren grabazioaren kronikak izan ditugu egunero NAIZen, eta gaur agur esateko ordua iritsi zaio. Diskoa irailaren 18an izango da kalean.

Tania de Sousa. (Natàlia Virgili)
Tania de Sousa. (Natàlia Virgili)

Tania de Sousaren bakarkako lehenengo proiektua irailaren 18an izango da kalean. Tolosako Bonberenean abiatu zuen diskoaren grabazioa maiatzaren 5ean eta atzo izan zuen estudioko azken eguna.

Zestoarrak grabazio horren kontakizuna egin du egunero NAIZen duen blogean eta xehetasun guztiak kontatu dizkigu, irudi eta bideoekin lagunduta.

Bakarkako proiektua izan den arren, De Sousak hainbat bidelagun izan ditu bidai honetan: Fermin Bouza (Correos) kitarra eta sintetizadoreetan, Maitane Alonso (The Dispositives, Rolling Dice) baxuan eta Ander del Sol (Iam Raros, Kasernarat) baterian. Ekoizpenaren ardura Fermin Muguruzarena izan da. Diskoa finantzatzeko, berriz, crowdfunding kanpaina abiatu zuen Verkami plataformaren bidez.

Gaurko postean jakinarazi duenez, «lehen eginda» iritsi da azken egun honetara. Hemendik aurrera entseguekin hasiko da, zuzeneko emanaldiei begira. Uztailaren 9an Donostiako Zurriolako hondartzan joko du, Mano Chaorekin eta beste talde batzuekin Piratek antolatu duten kontzertuan.

‘Tania Tank’ diskoa irailaren 18an izango da kalean, eta hurrengo egunean Intxaurrondoko Kultur Etxean aurkeztuko du.

NAIZentzat ere plazer bat izan da Tania de Sousaren sormen prozesua bere jarraitzaileekin partekatzea.