Naiz.info
Bilbo

Batzar Nagusiek ez dute onartu errege espainolari ‘Bizkaiko Jaun’ tituluari uko egiteko eskatzea

Errege espainolak ‘Bizkaiko Jauna’ tituluari uko egin diezaiola eskatzeko galdegin du EH Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusietan. Proposamena, baina, ez da onartu, PPk eta PSEk kontra bozktau baitute eta EAJ abstenitu egin baita.

Errege espainolak ‘Bizkaiko Jauna’ titulua erabiltzeari uko egin diezaiola eskatu du EH Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusietan. Arauz besteko proposamena aurkeztu du Batzar Nagusiek Koroari eskakizun hori egin diezaioten baina ekimenak ez du babesik lortu. PSEk eta PPk kontra bozkatu dute eta EAJ abstenitu egin da.

EH Bilduko batzarkide taldeko bozeramaile Irune Sotoren ustez, monarkia espainolak «ez du inolako zilegitasunik» ‘Bizkaiko Jauna’ titulua beregain hartzeko. «Agerikoa da Bizkaiko gehiengo soziala ez dela monarkiaren aldekoa eta ez duela inolako atxikimendurik sentitzen Espainiako Erregearekiko. Beraz, ez dagokio Bizkaiko Jauna titulua eta hura erabiltzeari uko egin diezaiola exijitzen diogu», azaldu du Sotok.

Espainiako Koroak bere gain biltzen dituen tituluen artean aurkitzen da ‘Bizkaiko Jauna’rena. Hala aitortzen dio Konstituzio espainoleko 56.2 artikuluak.

Sotok nabarmendu duenez, «Espainiako Erregeak eta espainiar estatuak ez dute eskaintza demokratikorik, ez herrientzako, ezta pertsonentzako ere. Beraz, nork nahiko du Bizkaiko izena duen titulua Espainiako Erregeak erabiltzea?»
 
Koalizioko bozeramaileak gaineratu du errege aldaketa oinarrizko eskubideen ukazioan oinarritutako estatu ereduari eusteko maniobra dela. «Estatuan haustura demokratikoa ekiditeko operazioa bizi dugu». EH Bilduko ordezkariaren hitzetan, «herrien ukazioan oinarritzen den estatu eredu honi eusteko trikimailua da errege aldaketa».